Txikitan hasi zen olatuak hartzen Txomin. Gero, Kurutziaga Ikastolan futbola ezagutu zuen. Gaztetan bertsolari eta ipuin-kontalari bihurtu eta orain irakurle kluben dinamizatzaile ere badabil. Irakaslea da ofizioz. Eguraldiak lagundu ez arren, aspaldiko surf-oholagaz agertu da.
Ez zara surfzale hasiberria.
Txikitan Zarautzeko hondartzara joaten hasi ginen, uretan zein haretan jolastera. Hasieran boogie-agaz [bodyboard] ibiltzen nintzen, etzanda. Gero, zortzi-hamar urtegaz ohol bat utzi zidaten. Udan egiten nuen surfa, neguan hemen futbolean eta beste kontu batzuetan nebilelako. Futbola utzi nuenean, hamazazpi urtegaz, urte osoko kontua bihurtu zen. Azkeneko sei urteetan, elurra ala eguzkia, ahal den guztietan joaten naiz.
Aspaldiko taula ekarri duzu.
Miarritzen ekoizten den marka bateko taula da. Ez dakit zein urtetakoa den, baina 70eko hamarkadakoa dela esango nuke. Etxera heldu zen, baina ez dakit zelan, egia esan. Txikia nintzen orduan. Kariño itzela diot; lantzean behin sartzen naiz uretara beragaz.
Zutundu surf eskolako sortzaileetakoa ere bazara.
Durangaldean jende asko ibiltzen da skatean, snowboardean eta surfean. Horri bidea egin edo errazteko sortu genuen Zutundu. Zarautzeko surf-udalekuak egiten ditugu, baina Durangaldean sortua denez hemengo gazteei begira egiten dugu lan, batez ere. Irlandako gazteekin Aste Santuan egindako elkartrukea ere hemen kokatu dugu. Zaparroak oso pozik etorri dira handik. Abuztuan datoz irlandarrak.
Zer ematen dizu surfak?
Galdera kuriosoa da, eta jendea oso mistiko ipintzen da halakoak erantzutean. Ez dakit, ni zoriontsu sentitzen naiz surfa egiten. Une horretan ez naiz beste ezertaz akordatzen. Aste bitan hondartzara joan barik banago umore txarrez egoten naiz. Hasi ahal zara pentsatzen olatuak nondik datozen-eta, mistizismoan, baina horretara joan barik ere, uretan egon eta kirola egitea itzela da niretzat.
Surferako leku gogokoena?
Munduko lekurik onenean egon zaitezke, baina bakarrik bazaude ez dauka zentzurik.
Ipuinak kontatzea ere gustuko duzu.
Apur bat anekdotikoa izan zen. Alaitz Murogaz [kontalaria da] DVD bat grabatu nuen, eta esan zidan ipuinak kontatzen ikusten ninduela. Egun baten animatu nintzen. Astiro-astiro hasi eta gustura sentitzen nintzen, umeekin hartu-emanean. Ni ere asko sartzen nintzen rolean eta ikusten nuen umeek ondo pasatzen zutela. Irakasle legez ordezkapenak egiten hasi nintzenean saio kopurua jaitsi egin nuen, baina oraindik ere lantzean behin egiten dut. Umeak adi mantentzeak poz handia ematen du.
Irakurle klubak gidatzen dituzu, bestalde.
Horretan ere Alaitz Muroren bidez hasi nintzen, Iurretan, bere ordez. Laugarren urtea da hau, gazteekin. Iaz Ermutik deitu ninduten helduekin euskaraz eta gazteleraz egiteko, eta aurten Eibarren ere banabil. Gustura hartzen dut, irakurtzeko aitzakia on bat daukat. Azkenean, hilean hiru-lau liburu irakurtzen ditut. Aberasgarria da liburuetaz berba egitea jendeagaz batera.
Zelakoa izan zen komertzial beharra?
Haur Hezkuntza aurretik Humanitate eta Enpresak ikasi nituen Eskoriatzan. Elkar argitaletxean ibili nintzen diskoak saltzen. Oso akordu polita daukat. Herrietatik ibili, liburu-dendetan nobedadeak saldu... Taula sartzen nuen autoan. Behin nagusiak deitu zidan: “Txomin, non zaude?”. “Gernikatik irteten”, esan nion. Atzetik, “begira zelako olatua!” entzuten zen. Baina lana ondo egiten nuen, e! Pentsa, hobetu egin nituen salmentak! Bilbotik patineteagaz ibiltzen nintzen, gainean makutoa hartuta. Dendetakoek flipatu egiten zuten!