Javier Valverde margolariaren inspirazio iturri bere bizileku eta lantokiko inguruak dira.
Aiako Harriei begira dagoen baserria du Javier Valverdek (1956, Donostia) bizileku eta lantoki. Inguratzen duen naturagaz lotura estua duten koadroak margotu ditu. Natura ikuspuntu poetiko bategaz interpretatu du Valverdek. Lan koloretsu eta oso iradokitzaileak sortu ditu.
Naturak eragindako pentsamendu eta sentimentuak islatzen ditu Valverdek bere koadroetan. Ez du paisajea modu figuratiboan landu: pagadi hostotsuak nagusi diren ingurune batean bizi den arren, bere koadroetan marraztu dituen zuhaitzetariko asko hosto gutxikoak dira.
Ordu askotako dedikazioagaz osaturiko margolanak dira erakusketan batutakoak. Kontenplazio pausatua eskatzen dute, aberastasun osoa dastatzeko. Ikusleak osatu beharreko hutsuneak eskaintzen dituzte.
Anbiguotasunagaz jokatu du Javier Valverdek bere koadroetan: ezer ez da hasierako edo azaleko begiratuan ematen duena. Margo guztietan dago zer hausnartu eta zer ikertu.
Valverderen aita eta arreba ere margolariak dira. Hain zuzen, Rosa arrebari eskerrak ezagutu zuen 70 eta 80ko hamarkadetan Gipuzkoako margogintzaren abangoardia osatu zuen Gaur taldea.
Maiatzaren hasierara arte Durangoko Arte eta Historia Museoan egongo da Javier Valverde margolariaren lanen erakusketa ikusgai. Artistaren azken hiru urteetako margolanak bildu dituzte Durangoko erakusketa honetarako.