Alfonso Torregrosa Durangoko aktorea Traspasos taldearen obra berriko protagonista da, Billy Wilder zine zuzendari eta gidoigilearen Avanti! (¿Qué ocurrió entre mi padre y tu madre?) testuaren moldaketa.
Martxoan aurkeztu zenuten ‘Avanti’ Durangon. Zelako harrera egin zizun San Agustin kulturguneko ikuslegoak?
Ederto joan zen dena, eta oso emanaldi hunkigarria izan zen. Beti da gustu onekoa Durangora bueltatzea, eta gainera obrak harrera oso ona eduki zuen. Komedia bategaz zoazenean, gainera, beti geratzen zaizu aho-zapore bereziki gozoa.
Emanaldi horretako zer sentsazio gogoratzen duzu?
Helduen antzezlan bat lehenengoz ikustera joan zen nire ilobatxoak emanaldia amaitu zenean zeukan txunditu aurpegia (barrez). Nire ibilbidea jarraitu duen jendeagaz berriro elkartzea ere oso hunkigarria izan zen.
Zenbat denbora zeneraman Durangon jardun barik?
Esango nuke Demasiado humano (los últimos días de Nietzsche) obragaz egon nintzela Durangon azkenengoz, 2009 urte inguruan . Horregatik da hain berezia Durangora bueltatzea: zure jendeagaz berriro elkartzea plazer handia delako beti.
Zure ibilbidean oso ohikoa ez den arloan, komedian, ikusi zintuen jendeak. Zaila egin zaizu erregistroa aldatzea?
Egia da orain arte ez dudala komedia askorik egin izan. Dirudiena baino zailagoa da komedia egitea: tragedia edo drama bategaz negarra eragitea baino gaitzagoa da barrea eragitea. Komediak beti dauka zoramen puntu bat, baina aldi berean oso erreala izan behar du. Elementu guztiak ondo bat etortzea eskatzen du komediaren erritmoak. Egoera absurdo bat sinesgarri egitea da lortzen saiatu behar duzuna, eta dirudiena baino zailagoa da hori.
Mikel Gomez de Segura zuzendariagaz aurretik ere jardundakoa zara. Zelakoa izan da elkarlana?
Pepe el Romano, El saludador eta Demasiado humano lanen ostean beragaz egiten dudan laugarren ikuskizuna da. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta horren abantaila da lana nondik nora joan daitekeen aurreikusi zenezakeela. Baina, aurretik egindakoagaz alderatuta, bestelakoak dira testu eta istorio hauek, eta horrek eman dio lan honi guztiek behar duten erronka kutsu hori. Oso aberasgarria da, beste zuzendari eta lan egiteko erekin egindako lanaren ostean, noizean behin lankideekin elkartzea.
Zelan prestatu duzu ‘Avanti’ obrako pertsonaia protagonista?
Denbora asko eta lan handia eskatu dit lanak, eta igarri egiten da hori emaitzan ere. Begiradagaz eta barreagaz adierazten dizu ikuslegoak, hartutako lanak merezi izan duela. Oso bizia izan da obraren prestaketa prozesua. Testua irakurri nuenean pentsatzen nuena baino konplikatuagoa izan da.
Konpainia beragaz burutzen dituzu lanak ala hainbat talderekin jarduten duzu?
Libretik goaz. Nire zerbitzua eskatzen duen konpainiagaz egiten dut lan. Orain, Gasteizko Traspasos taldeagaz dihardut, Tanttakagaz ordezkapen bat ere egin dut No me hagas daño obrarako, eta hor gabiltza. Berdin telebistagaz: eskariaren arabera gabiltza.
Telebistako proiekturen batean diharduzu orain?
Une honetan ez. Aurten Amar en tiempos revueltos telesaileko hainbat ataletan egin dut lan. Crematorio eta El secreto de Puenteviejo-n ere parte hartu dut. Egun batetik bestera sortzen dira telebistarako aukera horiek ere, eta horrela hartzen ditugu.
Zaila egiten zaizu antzerkia eta telebistako lana uztartzea?
Egia esan ez. Antzerkiko lana asteburuetakoa izaten da gehienetan: behin antzezlana martxan dagoela, emanaldiak asteburuetan izaten dira. Antzerkiko konpainiak zein telebistako ekoiztetxea zure beste lanak errespetatzen ditu, beraz, ez da zaila izaten. Normalena da antzerkian eta telebistan aldi berean jardutea.
Madril, Iruñea eta Soria ditu lanaren araberako bizileku
Oso ondo ezagutzen duen zuzendari baten gidaritzagaz dihardu Avanti obra honetan Alfonso Torregrosak: Mikel Gomez de Seguragaz. Azken hamar urteotan lau antzezlanetan izan du Torregrosak zuzendari.
|