"Nagusitan, norbera da entrenatzaile onena"

Anboto 2012ko api. 17a, 08:24

Atletismoan 30 urtetik gora daroaz \'Salva\'-k, bai entrenatzaile eta baita atleta ere. Zazpi urtean korrika egin barik egon ostean, Euskadiko eta Espainiako hainbat domina irabazi ditu aurten. Horretarako astean bi-hiru bider egiten ditu lan saioak. 70 urtegaz, bizkorrak dauzka hankak, baita burua ere

 

Atletismoan 30 urtetik gora daroaz ‘Salva’-k, bai entrenatzaile eta baita atleta ere. Zazpi urtean korrika egin barik egon ostean, Euskadiko eta Espainiako hainbat domina irabazi ditu aurten. Horretarako astean bi-hiru bider egiten ditu lan saioak. 70 urtegaz, bizkorrak dauzka hankak, baita burua ere.

 

Bidezabal taldeko sortzaileetakoa zara.

Data ez dakit zehatz, baina 1982-83 denboraldian izan zen. Sasoi hartan maratoi mugimendua hasi zen; hiru, lau edo bost kilometroko edozein probari maratoi deitzen zitzaion. Ia herri guztietan, jaietan, hiri-probak antolatzen hasi ziren. Hemen hainbat hasi ginen korrika egiten, eta bakarrik ez ibiltzeko asmoz sortu genuen taldea. Gehienok 35-40 adin tartekoak ginen. Marista bat ere bazegoen taldean, entrenatzailea zena, eta beragaz hasi ginen, orduan ez zegoen-eta instalaziorik. Hasierako ideia ez izan arren, gazteekin eta mailaka lanean hastea erabaki zen gero. Gaur egun klubek gazteekin egiten dute beharra, eta beteranoak ere gehiago hartu beharko lirateke kontuan. Fitxa ordaintzen badizute ondo, baina gainerakoa zeuk ordaindu behar duzu: bidaia, hotela, garraioa...

 

Pista eskuratzeko ahaleginetan hasi zineten ondoren.

Aldundiko kirol sailean zegoen   Juan Jose Ziarrusta alkate ohia, eta babes handia eman zigun horretan. Beste kirol batzuetakoek, futbolekoek adibidez, bertan entrenatu gura zutela esan zuten, eta Ziarrustak ezezkoa eman zuen.

 

Borondazteko beharrean oinarritzen da Bidezabal.

Gurasoek gehiago lagundu beharko lukete. Urtean bi edo hiru ekintza eratzen baditugu, laguntza eman ahal dute. Inplikazioa handitzeko ahalegina egingo dugu.

 

Zer da gazteak heztearen alderik positiboena?

Poz handiena gazteak kirola egiten ikustea eta horrek drogetatik urruntzen ditu. Adin horregaz, errazena trago batzuk hartu eta goizaldeko 05:00ak arte egotea da, baina biharamunean lasterketa edukiz gero kafe bat hartu eta etxera zoaz. 

 

Urte askoan ibili zara atletismoan, baina atsedena ere hartu duzu azken boladan...

35 urtera arte denetik egiten nuen: bizikletan ibili, mendira joan... Beteranoen lasterketetan hasi eta gogoa berpiztu zitzaidan. Jubilatu ostean, ia zazpi urtez kirola praktikatu barik egon zinen, baina atzera hasi zara. 
Astean hiru edo lau egunetan entrenatzen dut. Ordu beteko saioan, luzaketak eta korrikaldiak egiten ditut. Nagusia zarenean, entrenatzaile onena norbera dela uste dut. 
 

Dominak ere irabazi dituzu aurten. Sasoian zaude.

Donostian, Anoeta estadioan, Euskadiko txapelketan parte hartu nuen, 400 eta 800 metrotan. Bi kategorietan txapeldun geratu nintzen. Gero Zaragozara joan nintzen, Espainiako txapelketara. 400 metrotan hirugarren eta 800 metrotan bigarren sailkatu nintzen. Zazpi urteren ostean ez dago txarto; pozik nago. Baina, oso urduri ipintzen naiz. Tiroa jaurtitzean guztia ahazten zait, baina aurreko egunean, urduri nagoela, zera galdetzen diot nire buruari: “Merezi al du?”. Datorren urtean Europako txapelketa jokatuko da Anoetan, eta akaso jarraituko dut. Baina ez daukat lehiarako hainbeste ilusio.

 

Lana eta familiagaz, ez zen erraza izango entrenatzea.

Beharretik irtetzean entrenatzen nuen. Gero, lanik ez emateko, lantokira eroaten nuen, bertan garbitu eta sikatzeko. Lehortzeko labe bat geneukan, eta han eskegitzen nuen, izkina batean. Ehundik gora gradutan, minutu bat-edo edukitzen nuen. Sauna batean lau ordu ere iraungo nuke!

 

Zelan ikusten duzu Bidezabal, orain?

Apurka-apurka igotzen joan da. Gaur egun, Bidezabal erreferentzia da Euskadiko atletismoan; emakumeen taldea Espainiako Ohorezko mailan dago. Euskadiko proben %80a Durangon jokatzen da, eta bertako pista oso landua dago. Bizkaian, ia klub guztiak dira gure filialak.

 

Atletismoan bakarrik ez, jaten ere markak hautsi ei dituzu.

Urtero Gandiara joaten ginen, oporretan. Seme nagusiak abuztuan betetzen ditu urteak, eta urtegun batean buffet batera joan ginen. Inoiz ez naiz izan asko jatekoa, baina bai gozozalea. Flana jan behar nuela-eta, semeak esan zidan lau hartzeko. Gero beste lau jateko ziztatu ninduen, ondoren beste lau... Azkenerako 23 flan jan nituen guztira! (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!