Batxilergoko 11 gaztek klasean prestatutakoa Plateruenean erakutsiko dute, gaur.
Literatura unibertsaleko gustoko aleak hartuta, Durangoko 11 ikaslek errezitaldia prestatu dute, klasetik irten eta herritarren aurrean errezitatzeko. Durangoko Institutuan Munduko Literatura ikasten ari diren gazteak izango dira protagonista, Batxilergoko bigarren mailakoak. Gaur izango da emanaldia, Plateruena Kafe Antzokian.
Berba hutsa bakarrik ez, musika ere erabiliko dute olerkiak laguntzeko. Ikasleek eurek jotako piano, klarinete, txelo, oboe eta akordeoi doinuak entzungo dira Plateruenean. Hiru ataletan banatu dute errezitaldia, eta atal guztiei batasuna emateko, ‘gaua’ hartu dute leitmotiv edo hari nagusi modura: gaua eta iluntasuna, gaua eta misterioa, gaua eta maitasuna izango dira gaiak. Baudelaire, Lord Byron, Neruda, Rilke, Donne, Dylan Thomas eta Benedettiren olerkiak eskainiko dituzte, esaterako.
Institutuko literatura irakasleak, Xabi Bovedak bultzatuta prestatu dute errezitaldia. Hain zuzen, Xabi Bovedak berak eta Joseba Sarrionandiak euskarara itzulitako klasikoak dira gaurko emanaldiaren oinarri. Hasieran, gustoko olerkiak modu orokorrean aukeratu zituzten, eta gero egin zuten bigarren selekzioa, gauarekin lotutakoak bakarrik hartu eta besteak baztertuta.
Martxoan egin zuten lehenengo biderrez errezitaldia, institutuko Aste Kulturalean. Orduan, ikaskideen aurrean aritu ziren. Hiru emanaldi egin zituzten institutuan, eta bertako entzuleen harrera beroak animatu ditu Plateruenera ere eroatera. Kafe Antzokiko oholtzatik herritar, guraso eta lagun guztiei gura diete erakutsi ikasgelan prestatutako emanaldia, 20:00etatik aurrera.