"Pentsatzera eta sentitzera derrigortu gura dut jendea"

Anboto 2012ko mar. 30a, 19:05

Txelu Angoitiak diseinatutakoa da Durangoko Santa Susanan ikusgai dagoen \'M3 (In Memoriam)\' instalazio artistikoa. 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketaren osteko sasoia du inspirazio iturri

Txelu Angoitiak diseinatutakoa da Durangoko Santa Susanan ikusgai dagoen ‘M3 (In Memoriam)’ instalazio artistikoa. 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketaren osteko sasoia du inspirazio iturri.

 

Zer ideiaren inguruan jardun duzu ‘In Memoriam’ instalazio hau sortzeko?

Aurretik, Durangoko bonbardaketaren gaia beti landu izan da ikuspuntu dokumentalista batetik, begirada historiografikotik, edo baita ikus-entzunezkoen eta ekitaldien bitartez ere. Honetan, gaia beste ikuspuntu batetik jorratzea izan da helburua. Elementu artistikoak baliatuz jardutea, gehiago sentsazioak sortzeko helburuz, informazioa eman guran baino.

 

Zer sentsazio lortzea izan duzu helburu?

Bonbardaketako unea bera baino, bonbardaketa ostean geratzen den hutsunea hartu dut ardatz: bonbardaketa osteko ezinegon sentsazio hori sortzea zen helburua.

 

 

Hainbat elementuk osatzen dute instalazioa. Zeintzuk dira elementuak eta zergatik aukeratu dituzu?

Lehenego lana instalazioa kokatzeko leku aproposa topatzea izan zen. Santa Susanako eliza hau ikusi nuen egokien: Durangoko bonbardaketagaz lotutako leku oso sinbolikoa da. Jende asko hil zen hemen bonbardaketaren eraginez, eta oso espazio berezia da orain: eliza abandonatua. Hainbat elementu artistiko kokatu ditugu leku honetan: argazkiak, eskulturak, soinua, elementu eszenografikoak...

 

 

Zeuk landutakoak dira instalazioan batutako elementu guztiak?

Errepikapenean oinarrituta dago argazkien partea: 336 argazki dira, hildako bakoitzeko bat, eta 336 dira ipini ditugun kandelak ere. Elena Solatxik instalaziorako propio sortutako eskultura bat ere badago ikusgai. Tarkovsky zinegilearen lanen eraginez beharbada, ur tanten soinuagaz ere jokatu dut. Hezetasuna iradokitzeko eta bonbardaketaren ostean hoditeria guztia zelan apurtzen den islatzeko baliatu dut soinua. 

 

Aitorleku batean Joseba Sarrionandiaren esaldi bat ere badago.

Bai, Akordatzen naiz liburutik ateratako esaldia da. Amamak kontatutakoa aipatzen du Sarrionandiak: bonbardaketaren ostean Durangoko kaleetako triskantza hain zela handia, kaleetan zehar ibiltzea ere zaila zela zioen amamak.

 

 

Zein izan da argi eduki duzun ideia proiektua proposatu zizutenetik?

Sentsazioak sortzea, eta mina eta sufrimentu indibiduala islatzea gura nuela. Zenbakiak ematen dira askotan: Durangoko bonbardaketaren kasuan, 336 hildako, ehundaka zauritu... Baina, zenbakiak hotzak dira. Hildako bakoitzari omenaldia egitea izan da asmoa: horregatik proiektatzen ditugu euren izen-abizenak.

 

 

Zer helburugaz ipini duzu hildakoen izenen proiekzioa?

Hildako bakoitzaren atzean istorio bat, familia bat, lagunak daudela adierazi gura izan dut. Bisitariarengan gogoeta sortu gura izan dugu, batez ere. Erreflexio horrek bakoitza noraino eramango duen, baina, zabalik geratzen da. Pentsatu eta sentitzera derrigortu gura izan dut jendea.

 

 

Zuretzat ere pentsatu eta sentitzeko aukera izango zen instalazioa sortzea...

Bai. Urte batzuk daramatzagu memoria historikoa eta Durangoko bonbardaketaren gaia jorratzen, eta apurka-apurka istorioan sartzen zara. Oso proiektu polita izan da. 

 

Zelakoa izan da sormen prozesua? \"\"

Ideia batzuk aurretik geneuzkan, baina elizara sartu, eta hainbat gauza aldatu egin ziren lekura moldatzeko. Instalazio oso minimalista dela eman dezake, baina lan handia dauka atzean. Irudi eta soinu oso gogorrak erabili genitzakeen, baina ez zen hori gura genuena. Bonbardaketa sarraski itzela izan zela badakigu, orain min hori barneratzeko modua eskaini gura genuen.

 

 

Antzeko beste instalazioren baten erreferentziagaz egin duzu lan?

Ikusi ditut hainbat instalazio, bai: Berlinen hainbat bisitatu genituen, esaterako. Elementu zehatzak ez, baina ideiak jasotzen dituzu: bisitari moduan zer sentitu dezakezun ikusten duzu, adibidez.

 

 

Zelan erantzun dute bisitariek hemen?

Bakoitzak bere erara bizi du: negarrez ateratzen dira batzuk, elementu guztiak ikusi barik beste batzuk... Badago jendea bi-hiru biderrez etorri dena, eta altarean jesarrita tarte bat ematen duena. 

 

 

Bisitariaren zentzumenei eragiteko irudiak eta soinuak

 

Durangoko bonbardaketaren 75. urteurreneko oroimen ekitaldien Zilar Asteko egitarauaren barruan dago Txelu Angoitia argazkilari durangarraren M31 (In memoriam) instalazio artistikoa. Martxoaren 31ko bonbardaketa egunaren aurreko eta osteko egunetan, Santa Susana elizan egon da lana bisitagai. Domekara arte izango da bertaratzeko aukera.

Gaur, 18:30etik 20:30era arte egongo da instalazioa ikusgai. Asteburuan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.

\"\"

Bisitariari orain 75 urteko Durangoko bonbardaketaren osteko giroaren irudia helaraztea da Angoitiaren asmoa. Ikus-entzulearen zentzumenei eragiten die horretarako. Sentsazioak eta emozioak iradokitzeko, besteak beste, ur-tanten soinua, iluntasuna, argazkiak eta Santa Susana elizaren berezko hezetasuna eta hotza baliatzen ditu bere lanean.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!