Belaunaldi aldaketa irudikatuko duen Pasiñoa antolatu dute

Anboto 2012ko api. 2a, 08:59

Santa Ana plazan izango da Durangoko Pasiñoaren hitzordua, apirilaren 4, 5 eta 6an

Santa Ana plazan izango da Durangoko Pasiñoaren hitzordua, apirilaren 4, 5 eta 6an. 

 

Juan de Iciar elkarteak urteak daramatza parte-hartzaileak berritu guran, belaunaldi aldaketa bultzatzen, Durangoko Pasiñoaren antzezpenean. Datorren asteko emanaldiek irudikatuko dute Durangoko Pasiñoaren belaunaldi aldaketa hori. “Gazteek antzeztuko dituzte hogei pertsonaia nagusiak”, elkarteko Xabier Aranaren kidearen berbetan.Iaz herritarrak edo soldaduak antzeztu zituzten gazteak izango dira aurten protagonista.

 

Juan de Iciar elkartearen lehenedakari berria da Xabier Arana , eta dioenez, ikuskizuna “gazteagotu” gura dute, helburu bategaz: “Gazteak Durangoko Pasiñoan parte hartzera zein ikustera etortzeko erakartzea”.

 

Via Cruciseko Jesusen hiru erorketen antzezpenean berritasunak egin dituzte, Aranak azaldu duenez, Durangoko Pasiñoaren 2012ko emanaldirako. Jesusek bere ama Mariarekin, Veronicarekin eta Cirineorekin topo egiten duenekoak, eta hiru erorketen geldialdiak izango ditu aurten Gurutz Bideak.

 

Hurrengo urteetako antzezpenetan herritar papera egiteko prest legokeen jendea ere gonbidatu dute. “Herritarren papera egiteko ez da prestakuntza berezirik behar, eta jende gehiagogaz ikusgarritasuna irabaziko luke  Pasiñoak”, dio elkartearen lehendakaritzan Txema Asategiren testigua hartu duen Aranak. 

 

 

 

 

Juanjo Etxartek jardungo du ikuskizuna zuzentzen

 

Bi urterik behin hartzen du Juanjo Etxartek Durangoko Pasiñoa zuzentzeko ardura. Pasiñoaren antzezpena hamargarren aldiz zuzenduko du Etxartek aurten. Apirilaren 4, 5 eta 6ko emanaldietan egingo du Jesusen papera, aldiz, Egoitz Iraurgik. Iaz bezala, Izaskun Astondoak jardungo du Mariaren paperean.
Durangoko Santa Ana plazako Arco tabernan ipiniko dituzte antzezpenerako sarrerak salgai (6 euroan). Eguaztenean, eguenean eta barikuan, 21:00etan, plaza horretan izango dira bi ordu eta erdi inguru iraungo duten Pasiñoaren emanaldiak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!