"Orduko sentsazioak egungo bitartekoekin islatu gura ditugu"

Anboto 2012ko mar. 26a, 08:55

Eguaztenean, martxoaren 28an, Zilar Astearen barruan, Plateruenean, eskainiko dute \'1937 Gaur abangoardia\' ikuskizuna. Durangaldeko diziplina anitzeko bost sortzaileren lana da: irudia, musika, margoa eta poesia batzen dituena

Eguaztenean, martxoaren 28an, Zilar Astearen barruan, Plateruenean, eskainiko dute \'1937 Gaur abangoardia\' ikuskizuna. Durangaldeko diziplina anitzeko bost sortzaileren lana da: irudia, musika, margoa eta poesia batzen dituena.

 \"\"

 

 

Aurreratu daiteke zeozer? Zelakoa izango da ikuskizuna?

Paddy Rekalde: 40 minutu inguruko ikuskizuna da; denboralizazioaren araberako ataletan banatutakoa. Gerra aurreko egun lasaietatik desastrerako bidea islatzen du. Tarte horretan, bizitza amildegira zelan hurreratzen den erakusten duten hainbat atalek osatzen dute. Ez da ikuskizun klasiko bat, beharbada jendeak espero dezake zeozer esplizituagoa, baina hasieratik argi eduki dugu lan kontzeptuala osatu gura genuela.

 

Zelan egin duzue ikuskizun kontzeptual hori sortzeko?

P.R.: Sentsazioak hartu ditugu oinarritzat. Gerra giroan sartzea edo bonbardaketa jasatea  zer izan daitekeen iradokitzen dugu.

Peru Magdalena: Orduko sentsazioak gaur egungo bitarteko tekniko eta artistikoekin islatu gura izan dugu. Duela 75 urteko sentsazio horiek eta gaur egun munduko beste leku batzuetan bizi dituztenak dira oinarria, baina gaur egungoak bitarteakoak.
 

Zelan sortu da boskote hau, zelan ekin diozue elkarlanari?

P.R.: Platerueneko Zilar Astea aste tematikoan parte hartzeko deitu ziguten. Aurretik elkarregaz poesia, musika, eta margoak nahasten genituela jakinda proposatu ziguten aurtengo Zilar Astean parte hartzea.

 

Aurretik ere ibiliak zarete elkarlanean sortzen, beraz.

P.R.: Bai. Gure betiko lanaren inguruan ariko gara honetan ere. Testu berriak sortu ditugu, eta musika berria hautatu. Peioren lana gehitu zaigu oraingoan, berritasun modura: bideoa. Eskainiko duguna ikuskizun multidiziplinarra da.

 

Zelan landu duzu bideoaren parte hori?

Peio Salaberria: Denon artean egin dugu, gustora. Nik kamera eta edizio lana egin dudan arren, denon artean grabatu genuen, eta denon ideietan oinarrituta.

 

Noiz hasi zineten emanaldi honetarako ideiak lantzen?

Ekaitz Aiartzaguena: Proposamena jaso, eta zerotik hasi ginen lana prestatzen. Enkargu bat bailitzan sortu dugu.

P.R.: Gure oinarritik sortutakoa da; musikaren, bideoaren, poesiaren eta margoaren erabilpenetik, beste kontzeptu bat sortu dugu.

 

Gatxa egin zaizue ikuskizuna Zilar Asteak emandako gaiaren inguruan osatzea?

Peru Magdalena: Desberdina izan da. Gure aurreko lanetan, Paddyren poemak izan ditugu gehienetan oinarri. Oraingoan, testuak ikuskizun honetarako idatzi ditu propio Paddyk, eta dena da emanaldi honetarako sortutakoa.

 

Izenburuan diozue abangoardiako ikuskizuna dela.

P.M.: Horrela deitu dugu, ikuskizuna ez dela lan historizista edo klasiko bat adierazteko. Sentsazioak iradoki gura dituena baizik.

 

Denboran urrun sentitu arren, sentipen horiek oso gaurkoak direla adierazi gura duzue?

P.R.: Bai, eta hortik dator ikuskizunaren 1937 gaur izenburua ere. Jendeari sentiarazi gura diogu zer izan daiteken gaurko egunean halako egoera batera ailegatzea. P.M.: Hain zuzen, sentsazio horren arabera jardungo dugu guk ere oholtzan: asko dauka ikuskizunak inprobisaziotik.

E.A.:Dena den, ez gara ibili helburu ideologiko bategaz. Oso espiritu estetikotik egin dugu lan: momentu historiko bat estetikoki estrapolatu dugu.

 

Zuen aurreko lanekin badauka antzekotasunik?

P.R.: Bitartekoak dira berdinak, baina ez dauka zerikusi handirik. Beste giro bat dauka, eta bideoak ematen dio berritasuna: bideoa da ikuskizunaren haria. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!