Martxoaren hasieratik martxan dagoen egitaraua osatu dute Plateruenaren ingurura batutako Durangoko elkarte, sortzaile, eragileek elkarlanean.
Euskarazko kulturaren askotariko adierazpideetan Durangoko bonbardaketaren gaia zelan tratatu izan den, eta gure sortzaileek gaia gaur egungo begiekin zelan ikusten duten agertuko dute, Zilar Astearen apirilaren 1era arteko egitarauan.
Durangoko bonbardaketa hartu dute, hirugarren Zilar Asterako gaitzat. Faxistek zibilen kontrako bonbardaketa burutu zutela 75 urte dira martxoaren 31n.
Beñat Gaztelu-Urrutia Platerueneko kudeatzaileak egitarauaren aurkezpenean esan duenez, “bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko gonbitea” gura diete Durangaldeko herritarrei luzatu. Datozen egunetan ikusgai izango diren sorkutza lanak osatzen zein antolakuntzan, hainbat artista, eragile eta ikastetxe, zein hamar elkarte baino gehiago jardun dira.
Elkarlan horren irudia osatu zuten, atzo, Zilar Astearen Platerueneko aurkezpenera batu ziren argazkiko hogeita hamar lagunek.
Zilar Asteagaz bateginda, Durangoko bonbardaketaren gaia jorratu dute Ibaizabal, Institutua, Jesuitak, Maristak eta Iurreta BHI ikastetxeetan: Unai Iturriagaren Udaberririk ankerrena komikia eta Durango 1936 elkartearen dokumentala landu dituzte.
Martitzenetik ikusgai dago (apirilaren 1era arte), baita, Txelu Angoitia argazkilariak prestatutako In Memoriam instalazioa. Santa Susanan ipini du.
Martxoaren 31 egunaren bueltan, askotariko adierazpideak baliatuz osaturiko ikuskizunak eta ekimenak izango dira Durangon, elkarlanean sortutakoak.