Kafe enpresak kirol arloari eskainitako laguntza goraipatu dute.
Cafes Baque enpresaren eta Tabirakoren arteko hartuemana hasi zenetik 40 urte joan direnean, urte hauetan guztietan eskainitako laguntza eskertzeko ekitaldia egin zuen eguaztenean saskibaloi klubak, San Agustin kulturgunean. Felix Arkarazo eta Gurutze Beitiak gidatutako ekitaldian, politikariak, kirolariak eta beste hainbat arlotako ordezkariak ere egon ziren.
Argazkia: Kepa Aginako
Musika eta dantza ikuskizunen artean, kafe enpresaren historia errepasatu zuten, eta baita Baque Fundazioak gazteen kirola sustatzeko urte askotan egindako lana ere. Ekitaldiko lehenengo zatian Cafes Baqueren historia errepasatu zuten iruditan. Zabalburun lehenengo egoitza zabaldu zutenetik gaur egunera arteko garapena ikusi ahal izan zen argazkietan, hainbat kuriositate tarteko. Ondoren, kafe enpresak hedabideetarako landutako spot-en errepasoa egin zuten, bere sasoian ezagun egin ziren leloak gogoratuz: Cafes Baque, suabe, suabe edo gaur eguneko Hemen kafeari Baque esaten diogu beste hainbaten artean. Segidan, kirolaren eta gazteen hezkuntzaren arloan Baque Fundazioak egindako lana goraipatu zuten. Saskibaloiari ez ezik, txirrindularitza, pilota, futbol eta beste hainbat kiroli egindako ekarpenak batu zituzten bideo batean, besteak beste, Miguel Indurain, Marino Lejarreta eta Joseba Etxebarriaren testigantzekin.
Ekitaldiko bigarren zatiko muina Tabirakok eta Cafes Baquek 40 urtez izan duten hartumenana izan zen. Itsaso Gartzia Tabirakoko presidentea eta Aitziber Irigoras Durangoko alkatea eta Baque Fundazioko ordezkariak mikrofonora hurreratu ondoren, Jon Sarobe dantzariak aurreskua eskaini zien taula gainean zeuden guztiei.
Ekitaldia musika eta dantza saioek osatu zuten. Eunate Zarrabeitiaren zuzendaritzapean, Bartolome Ertzillako hainbat gaztek eskainitako musika emanaldi laburra oso txalotua izan zen. Gainera, Felix Arkarazo aurkezleak nabarmendu zuenez, taularatu ziren hamar musikarietatik hiru Tabirakon dabiltza saskibaloian jokatzen.