Mugarrak martxoaren 31rako antolatuko duen VI. Duatloian distantzia laburreko Euskadiko txapelketa ere jokatuko dute.
Gorka Uribeetxebarriaren oroimenez, Durangoko VI. Duatloia antolatu du Mugarra Triatloi taldeak martxoaren 31rako. Lehiaketaren harira hainbat ekitaldi eratu dituzte duatloia ezagutara eman eta jaia herri osora zabaltzeko.
Aurten, lehenengoz, distantzia laburreko Euskadiko txapelketa ere duatloi horretan erabakiko da. Emakumeen artean Gurutze Frades da irabazteko faboritoetako bat: “Gogoz nago. Irabaztea asko izan daiteke, baina etxean lasterketa on bat egitea gustatuko litzaidake”.
Oraingoz, 160 lagunek eman dute duatloirako izena. Iaz sasoi berean baino kopuru txikiagoa da, baina aurtengo duatloi denetan nabaritu den joera dela azaldu dute.
Lasterketa 16:00etan abiatuko da Ezkurdin eta parte-hartzaileek 15 kilometro egin beharko dituzte korrika (bi tartetan banatuta) eta 40 bizikletaz. Goizean zehar Mugarra triatloi eskolako gaztetxoek erakustaldia eskainiko dituzte. Horrez gainera, triatloiko materialen standak egokituko dituzte eta Bkool bizikleta estatikoa probatzeko aukera eskainiko dute. Bizikleta horren bidez, duatloia birtualki egiteko aukera dago, datu guztiak programatuta baititu.