Ohorezko B mailan zergatik dagoen erakutsi gura du Durango Ilarduyak

Anboto 2012ko mar. 18a, 09:13

Kanporaketari buelta eman eta maila bereko taldea menderatuz eutsi gura diote Ohorezko B Mailari: \'Zaleei zor diegu\'

Kanporaketari buelta eman eta maila bereko taldea menderatuz eutsi gura diote Ohorezko B Mailari: \'Zaleei zor diegu\'.

 

Gaur eguerdian jaitsiera promozioko itzuliko neurketa jokatuko du Durango Ilarduyak Madrilen, Arkitektura taldearen kontra. Joanekoan 15-19 galdu zuten etxean eta, beste behin, denboraldian zehar erakutsitako akatsak errepikatu zituzten. Harmailak bete zituzten zaleei ezin izan zieten garaipenik eskaini. Amorrua akuilutzat erabilita, Madrilen kanporaketa iraultzeko prest daude; harri berberean hamaika bider estropezu eginagatik, berriro saiatzeko gogoz.

 

Galduta ere beste aukera bat izango luketen arren beheragoko mailako talde baten aurka, ate nagusia erabiliz eutsi gura diote mailari: “Zaleei zor diegu eta geure buruan sinesten ere lagunduko liguke”, azaldu du Zorion Zabala entrenatzaileak.

 

“Erronka zaila da, baina ez eginezina”, Zabalaren ustez. “Lau puntuko aldea ez da ezer errugbian”. Erronka errealitate bihurtzeko, bere errezeta hau da: “Eurak gu baino astunagoak direla uste dugu, beraz baloiaren jabetzari eusten eta partiduari erritmoa ezartzen saiatu behar dugu”. Durangon ikusitakoaren arabera, “talde ona da, baina gure parean daude, ez dut uste gehiago direnik; detaileek erabakiko dute kanporaketa”. Horregatik, inoiz baino hobeto aprobetxatu beharko dituzte aukerak, madrildarrak partidua trabatzen saiatuko direla aurreikusi daitekeelako: “Futboleko simila erabilita, batzuetan gola falta izan zaigu aurten; domekan ahalik eta zehatzen ibili behar dugu”.

 

Garaipenak bakarrik balio die eta helburu horretan zaleek ez dute hutsik egingo. Klubak Madrilera joateko autobusa antolatu du. Bihar bertan irtengo dira harantz eta 20 euro da bidaiaren kostua. Goienkaleko Rugby tabernan eman daiteke izena. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!