Kriskitinen 25. urteurreneko lehenengo erromeria, domekan

Anboto 2012ko mar. 17a, 09:07

Dantza taldea San Agustin kanpoaldean ariko da eta parte hartzeko deia zabaldu du

Dantza taldea San Agustin kanpoaldean ariko da eta parte hartzeko deia zabaldu du.

 

Kriskitin dantza taldearen 25. urteurrena ospatzeko, domekan ipini dute lehenengo erromeriarako hitzordua, Durangoko San Agustin kulturgunean. Bihar batuko dira erromeriarako, 18:00etatik 19:00etara. Dantzazale, lagun, dantzari eta dantzari ohiak gonbidatu ditu Kriskitinek, ekitaldira. Durangoko Txiri Txiri herri musika taldearen laguntzagaz egingo dute dantzan erromeriaz gozatu gura duten guztiek.

 

Lehendabiziko erromeria izango da hori. Dantza taldekoek hainbat ekitaldi dituzte aurreikusita urteurrena ospatzeko, eta, tartean, domekakoa bezalako erromeria gehiago, bi hilerik behin.

 

Azken asteetan erakusgai eduki dituzte 25 urteotako hainbat material, Durangoko San Agustin kulturguneko sarreran bertan. Otsailaren 25ean zabaldu zuten erakusketa: jantziak, musika partiturak, tresnak, emanaldietako argazkiak, bideoak, kartelak, egunkarietako artikuluak, eta beste hainbat bitxikeria daude, oraindino, ikusgai.
Baina, orain arte erakusketara hurreratu ez denak beste bi egun baino ez ditu izango objetuok ikusteko. Izan ere, bihar, erakusketa itxi eta kulturguneko erromerian erakutsiko du Kriskitin taldeak dakiena.

 

Dantzako arropak desfilean

Aurreko asteburuan, desfilea egin zuten (argazkiko irudia) kulturgunean. Erakusketan ikusgai daudenen antzeko trajeeak jantzi zituzten adin guztietako dantzariek.

 

Pili Alberdi Kriskitineko presidenteak eman zituen jantziei buruzko azalpenak egun horretan. Arropa bakoitza zein dantzatarako erabiltzen duten eta jantzien jatorria zein den azaldu zuen, esaterako. Dantzariek, berriz, jantzi bakoitzari loturiko pauso eta imintzioak burutu zituzten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!