Euren ikusentzunezko lanei buruz ariko dira durangaldeko egile bi

Anboto 2012ko mar. 17a, 08:01

Saritutako film bana erakutsiko dituzte Sara Muruak eta Dabid Maeztuk, Plateruenean, Berbarok gonbidatuta

Saritutako film bana erakutsiko dituzte Sara Muruak eta Dabid Maeztuk, Plateruenean, Berbarok gonbidatuta.

 

Berbaro elkarteak gonbidatuta, Dabid Maeztugaz eta Sara Muruagaz batera ikusi ahal izango dira eurek sortutako bi ikusentzunezko, domekan, Plateruenean, 19:00etan.

 

Bideografik Ekoizpenak taldekoa da Dabid Maeztu, eta  2010ean burutu zuten Slackline, grabitateari erronka lanari buruz jardungo du. Eskalatzaileek eta oreka hobetu gura duten kirolariek erabiltzen dute slack line, soka berezi bat, oreka ariketetarako. Horri buruzko dokumentala da Maezturen lana, Carlos Iglesias durangarraren gidoiagaz egindakoa. Protagonistak, Durangoko Ourdaybi eskalada taldea eta Baltzola mendi taldea dira.Bartzelonako VisualSound jaialdian epaimahaiaren saria jaso zuen.

 

Sara Muruak ere emango ditu bere lanari buruzko azalpenak, ikusi eta gero. Motion graphic teknikagaz burututako lana da, eta Durangaldea Bizi lehiaketan irabazi zuen Muruak, iazko edizioan, eta Durangoko Azokan eman zioten saria. Gerediaga elkarteak antolatutako lehiaketa da, gazteei zuzendutakoa.

 

Gainera, martxoaren 18ko emanaldian, beste hiru film ere egongo dira ikusgai Plateruenean, Laburbira zikloan, Topaguneak urtero antolatzen duen film laburren zirkuituan. Zeinek gehiago iraun animazioa, Gregorio Muro komikigile eta gidolariaren hamabi minutuko lana; Kantuka abestiaren bideoklipa, gazte bik osatzen duten Revolta Permanent taldearena; eta galegoz egindako Instalación, Xoxe Diazena,  euskarazko azpitituluekin.
Laburbirako bigarren emanaldia izango da domekakoa. Gaur izango da lehenengoa:  euskarazko bost film labur, Euskal Herrian 2010ean eta 2011n ekoitzitakoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!