EBA mailan gozatzetik Lehen Mailan sufritzera

Anboto 2012ko mar. 9a, 08:15
Irregulartasunak jaitsiera fasera kondenatu du Tabirako; hainbat mailaren egokitzepena dela-eta zazpi taldek galduko dute maila

Irregulartasunak jaitsiera fasera kondenatu du Tabirako; hainbat mailaren egokitzepena dela-eta zazpi taldek galduko dute maila.

 

Urtebetean erabat aldatu da Tabirako Baqueren egoera, gizonen talde nagusian. Klubaren 50. urteurreneko ospakizunak EBA mailan gonbidatuta jokatu ostean, orain bere ohiko Lehen Mailari eusteko ere borrokan aritu beharko du. Gainera, aurten inoiz baino talde gehiagok galduko dute maila, federazioak multzoak berregokitu egingo dituelako.

 

Hain zuzen, sei talde jaitsiko dira Lehen Mailatik. Horiei arrastreak gehitu behar zaizkie, eta itxura guztien arabera Oñatiko Aloñamendi taldeak maila galduko du EBAn azkenengo postuan dagoelako. Beraz, hamar taldeko multzo honetatik zazpik agur esan diezaiokete maila horri.

 

Tabirako Baquerentzako albisterik onena, ondo kokatuta dagoela da: bost garaipen eta hiru porrot ditu, eta 3. tokian ekingo diote jaitsiera faseari, Biok Zerbitzuak taldeagaz berdinduta. Goitik, Araberri eta Lizuan.com taldeak ditu, biak garaipen bakarrera. Azpitik, Autocares Artieda, La Salle eta Mondragon Unibertsitatea daude, garaipen bakarrera hauek ere. Beraz, San Ignacio eta La Alcohonera taldeak kenduta (garaipen bi eta bat, hurrenez hurren), lehia estua egongo da gainerakoen artean.

 

Tabirako Baquek hiru garaipenegaz dagoen Oncineda taldearen aurka jokatuko du zapatuan. Teorian, irabazteko lehia da.

 

Emakumeak bolada onean

Emakumeen taldea boladaka dabil aurten. Ligari lau garaipenekin ekin zioten. Ondoren, urte amaieran lau lehia galdu zituzten. Harrezkero gora egin dute eta azken sei partiduetatik bost irabazi dituzte, sailkapeneko goialdeari begira ipini direlarik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!