Udalak EAJko kide baten enpresari 28.000 euro dekretuz eman izana salatu du Aralarrek

Anboto 2012ko mar. 7a, 09:17

Diru hori In Mediobai enpresari ordaindu diote, 2012an komunikaziorako eta protokolorako zerbitzuak eskaintzeko. Aralarrek gogoratu du momentu honetan \'hainbat elkarteren hitzarmenak geldituta\' daudela, eta dekretu bidezko kontratazio horien espedientea eta justifikazioa eskatu ditu

Diru hori In Mediobai enpresari ordaindu diote, 2012an komunikaziorako eta protokolorako zerbitzuak eskaintzeko. Aralarrek gogoratu du aurrekontuak onartu arte "hainbat elkarteren hitzarmenak geldituta" daudela, eta dekretu bidezko kontratazio horien espedientea eta justifikazioa eskatu ditu.

 

Publizitate eta komunikaziorako 18.000 euro, eta protokolorako –kateringa eta opariak– 10.000 euro. Otsailaren 22an eta 23an sinatutako dekretuen bidez, kontratu bi onartu ditu Durangoko alkateak In Mediobai enpresagaz. Aralarrek kontratu horiek aurrekontuak onartu barik daudela egin izana salatu du: "herriko hainbat elkartegaz hitzarmenak geldituta daudela, zer beharrizan garrantzitsu dago publizitate eta protokolo arloko kontratuak dekretuz onartzeko?", kritikatu du Dani Maeztu zinegotziak.

 

Kontratu horiek testuinguru honetan egitea "larria" da Aralarrentzat, eta gainera "lege iruzurra" egon daitekeela adierazi dute alderdiko bi zinegotziek: "kontratu txikiak esleipen zuzenagaz emateko muga 18.000 euroan dago, eta ematen du enpresari diru gehiago eman gura izan zaionez bi lotetan banatu dituztela zerbitzuak". In Mediobai enpresaren estatutuetan komunikazio eta diseinu grafiko arloko beharrak agertzen direla azaldu du Maeztuk, "ez da protokolo eta katering moduko konturik azaltzen". Kontratuen espedienteez gainera, Aralarrek zerbitzuen justifikazioa eta "enpresaren gaitasun teknikoak" eskatu ditu: "ez dakigu zer irizpide jarraitu duten diru hori emateko".

 

Aralarreko zinegotziek nabarmendu dutenez, "enpresaren kudeatzaile nagusia Durangoko Uri Buru Batzarreko kide bat da". Urtean zehar horrelako kontratuak egitearen kontra ez daudela azaldu dute, baina "aurrekontu bako testuinguruan oso premia garrantzitsua" izan beharko litzatekeela. Publizitate eta komunikazioa zabaltzerako irizpideak adosteko orduan "hausnarketa egiteko beharra" dago Aralarren ustetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!