Durangoko San Agustin kulturgunean, 170 ikusleren aurrean eskaini zuten Karrika antzerki taldeko gazteek sexualitate askatasunari buruzko antzezlana.
Karrika antzerki taldeko 18 eta 21 urte bitarteko bost gazte izan ziren joan zen barikuan San Agustin kulturgunea lepo bete zuen emanaldiaren protagonistak. Ekainaren 28an, Sexualitate Askearen Egunean, gertuko lagunentzat aurrestreinatu zuten Des-berdinak antzezlana, aretoa betetzen zuten 170 lagunen aurrean eskaini zuten oraingoan.
Maite Lopezek burutu zituen lanaren prestaketetako zuzendaritza lanak, eta Izaro Andes, Julene Bernaola, Markel Ganboa, Yeray Gomez, eta Eneko Sagardoy dira obrako bost antzezleak.
Ikusleen berbetan “oso hurrekoa” den Eneko Sagardoy taldekidearen testua da Des-berdinak lan honen oinarri: sexualitate askatasunaren gainean gizartearen “trabatzearen” metafora da ez gora ez behera geratzen den igogailua Karrikako gazteen obra honetan. “Blokeo egoera horretatik ateratzeko giltza”, gazteek diotenez, “egia” dela erakutsi gura dute.
Elkarrengandik oso desberdinak diren bost pertsonaia biltzen dira antzezlaneko igogailu horretan, eta “ikusle bakoitza euretariko batenbatekin identifika daitela, obra amaitzen denean gogoeta egin dezala” gura dutela azaldu du Markel Ganboa taldekideak: obra ikusi aurretik pertsonaje bakoitzarekiko zeuzkaten jarrera eta aurreiritziak eta amaieran daukatena alderatu ditzatela.
Jendeak hurbil sentitzen duen era batean kontaturik, komikotik gutxi duten egoerei “buelta eman, eta era freskoan azaltzen” jakin dutela aipatu diete joan zen barikuko emanaldian batu ziren ikusleek taldeekideei. Publikoan gazte asko batu zirelako oso pozik agertu dira taldekideak eurak, eta aurrerantzean, lana ahalik eta lekurik gehienetan erakustea dutela helburu ere aipatu digute.