"Kontatuko duzuna zeuri gustatzea da garrantzitsuena"

Anboto 2012ko mar. 4a, 08:33

Bonbardaketaren urteurrenean, martxoaren 31n, saio berezi bat egingo duen Durangoko Udal Liburutegiko umeen txokoan batu gara Saroa Bikandigaz ipuin kontalari durangarragaz, bere lanari buruz jarduteko

Bonbardaketaren urteurrenean, martxoaren 31n, saio berezi bat egingo duen Durangoko Udal Liburutegiko umeen txokoan batu gara Saroa Bikandigaz ipuin kontalari durangarragaz, bere lanari buruz jarduteko.

 

Durangoko Liburutegi honetan hainbat ipuin saio eskaintzen dituzu. Zenbatero?

Hilean behin antolatzen dituzte umeentzako ipuin kontalaritza saioak Durangoko Liburutegian, eta iaz neu ere etorri nintzen emanaldi bat eskaintzera. Aurten beste saio bat eskainiko dut, berezia: martxoaren 31n, bonbardaketaren urteurrenerako prestatuko dut.

 

Bonbardaketaren gaia bereziki landuko duzu, beraz.

Bai, horrela eskatu zidaten: bonbardaketaren urteurrenerako saio berezia prestatzea. Bestela egiten dihardudan saioa Etxe poxpola izenekoa da, eta horregaz dihardut, batez ere, orain.

 

Zelan egiten duzu lan? Zeuk sortzen dituzu istorioak?

Kontatzen ditudan ipuinak liburuetatik hartutakoak dira: album ilustratuetatik hartutakoak gehienak. Saio baterako hainbat liburutako istoriak uztartzen ditut.

 

Badaukazu bereziki gustuko duzun edo umeen harrera ona jasotzen duen autorerik?

Ez nuke esango autore kuttunik dudanik. Ipuin klasikoek oso harrera ona edukitzen dute, baina normalean horiek gurasoek kontatzen dituztenez, bestelakoak hautatzen ditut gehienetan. Noizean behin, euskal kulturako ipuin laburrak sartzen ditut: eguneroko gauzetaz berba egiten dutenak.

 

Zeren arabera aukeratzen dituzu kontatuko dituzunak?

Semeagaz eta bere lagunekin probatzen ditut, normalean, ipuinak: eurekin esperimentatzen dut, eta ikusten dut eurek zer eskatzen duten eta abar. Garrantzitsuena, baina, kontatuko duzuna zeuri gustatzea da, istorio horrek zure barruan, dela barrea dela tristura, baina zeozer eragitea.

 

Zer ipuinek dauka, esaterako, arrakasta gehien?

Ipuin klasikoek oso harrera ona izaten dute: Errusiako klasiko bat den Babayaga, esaterako, asko gustatzen zaie umeei: ez da ohikoa, eta umeek oso gustuko dituzten elementuak biltzen ditu.

 

Zelan joan zen joan zen barikuko Elorrioko emanaldia?

Iaz eskaintzen jardun nuen Txita polita lanaren azkeneko emanaldia izan zen Elorrioko hor\"\"i. Oso gustura jardun nuen, eta batu zen ume piloagaz ere harritu egin nintzen: 40 ume inguru batu ziren.

 

Zelan hasi zinen honetan?

Ama izan nintzen, eta familia eta lana uztartzeko era bat topatu behar nuen. Aurretik Atartegaz liburutegiekin lan egin izan dut, eta Alaitz Muro laguna ere ipuin kontalaria da: oso gertuko sentitzen nuen hau guztia, eta horrela ekin nion. Iurretako Liburutegian egin nuen lehenengo saioa.

 

 

 

 Zelan lortzen da pareko 40 umeak adi mantentzea?

Batzuetan, zelan lortu duzun jakin barik ere, oso pozik amaitzen dituzu saioak: umeen arreta harrapatzea lortu duzu, eta motibatu egiten zaitu horrek. Baina egunak eta egunak daude. Adoregabetu egiten zaituzten saioak ere ateratzen dira, baina, noizean behin. Zu zelan zauden ere, zelako eguna duzun, eragina du emaitzan.

 

Zenbat dute zure ipuin saioek antzerkitik?

Ipuinak kontatzerakoan ni neu naiz, Saroa, eta errekurtso batzuk badauzkadan arren, ez dut antzerkirik egiten. Badaude zarata eta gorputza asko erabiltzen duten kontalariak, baina nik ez dut horrela egiten. Guztiak dira era baliogarriak. Nik ez dut nire burua ezer berezia egitera behartzen, naizen bezala agertzen naiz.

 

 

 

 

Masajeak eta kontuak: ‘Azalerako ipuinak’

 

Ipuin kontalaria eta haur masajeko irakaslea ere bada Saroa Bikandi, eta zaletasun eta ogibide bi horiek uztartzen dituen Azalerako ipuinak proiektua ahalik eta lekurik gehienetan zabaltzeko helburuagaz dihardu: masajeak, ipuinak, kantak, eskujolasak, magaleko kantak, etab. uztartzen ditu 0 eta 2 urte bitarteko umeentzako saiootan.

Bilboko Muxux Muxu dendan egiten du hilero saio bat, eta Aste Santu ostean Durangon ere eskainiko du Azalerako ipuinak.

Haur masajea eta ipuin kontalaritza uztartzen dituen proiektu berri hau zein azken urteetan eskaini dituenak lako ipuin kontalaritza saioak “ahal den leku guztietan eskaintzea” du Bikandik helburu, eta proposamen berrietara ere zabalik dago (sakoamalakoi@yahoo.com).

“Milaka pelikula eta bideo eskura izan arren”, dio Bikandik, “istorioak dira umeei gustatzen zaizkienak”. Istorio horiek kontatzerakoan, irudirik ez baliatzea du erronketako bat: liburuetako ilustrazioak baliatu barik, berbaz bakarrik jardutea.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!