Futbolzaleen ahotan ibili den Mirandeseko atezain izan zen Emiliano, Anduva zelaia inauguratu zuten denboraldian. Kulturalean hezia, Erandion ere ibili zen. Badu bestela ere makina bat afizio: Iurretako abesbatzan dihardu, margolaria da, eta elizako kanpai-jolea ere izana da.
Badira 60 bat urte Miranda aldean atezain ibili zinenetik...
Urtebetean egon nintzen han jokatzen, 1951n, eta gero Erandiora etorri nintzen. Aitak ere esaten zidan hobeto nengoela etxetik hurrean. Hirugarren mailan jokatu nuen Mirandesegaz; orduan, lehen mailan 16 talde zeuden, bigarrenean beste 16, eta hirugarrenean sei multzo-edo Espainia osoan. Kulturalean, bigarren mailarako igoera fasea jokatu genuen.
Zelako akorduak dauzkazu sasoi hartako kontuekin?
Jokatzea nuen gustuko, diruari begiratu barik. Hala ere, Mirandesen ondo ordaintzen zidaten: 400 pezeta partidako, irabazi zein galdu. Bidaiak ere ordaintzen zizkidaten. Orduko 400 pezeta dirua zen gero!
Burgosen zeundela fitxatu zenuen Mirandesegaz.
Soldaduska egiten joan nintzen Burgosera, eta lagunarteko batzuk jokatu nituen. Gero, Mirandeseko zuzendari batzuk etorri eta urtebeterako sinatu nuen, liga jada hasita zegoela. Yague jeneralak nik Burgosen jokatzea gura zuen, eta uste nuen haserretu egingo zela. Mirandesekoek esan zidaten Valcarcel izeneko Burgosko Gobernadore Zibila, gerora Francogaz ministro izandakoa, Mirandakoa zela, eta hark konponduko zuela gaia.
Zelan ibili zinen baimenekin?
Bariku arratsaldean irten eta martitzenerako egon behar nuen berriro koartelean. Ez nuen behin ere entrenatu taldeagaz, baina partidak jokatu bai.
“Esku handidun atezaina” esaten ei zizuten Mirandan.
Behin baserritik nentorrela, esku bakarrean 19 arrautza nekartzan entrenamendu bat orduko. Abilidadea neukan arrautzak eskuan ondo egokitzeko. Entrenamenduan komentatu egin zuen nire kide batek. Mirandan fitxatu nuen egunean, arratsaldez zinera joan nintzen denbora egiteko, eta atzeko lerrokoari entzun nion esaten Mirandesek eskuan 19 arrautza kabitzen zaizkion atezain bat fitxatu zuela. Antza denez, durangar batek emaztea gaixorik zeukan Mirandan, eta hark famatu ninduen.
Mirandes modako talde bihurtu da aurten. Orduan ere arrakasta al zeukan?
Mirandan orduan ez zegoen beste ezer, eta jende asko joaten zen zelaira. Durangon ere, Kulturalean nenbilenean, topera egoten ziren harmailak. Orain Kulturalaz gainera, beste hainbat kirol eta maila dago.
Zure sasoiko eta oraingo atezainen artean egongo da alderik...
Badakizu zelako erraztasunak dauden orain? Zelako eskularruak eta txandalak-eta? Nik eskularru barik jokatzen nuen. Artilezkoak eskaini zizkidaten, baina euriagaz ez zuten balio; lehenengo mailan erabiltzen zituzten; hobeak izango ziren. Zelaiak ere orain zer ederrak diren, zer ondo zainduta... Guk zelako urratuak egiten genituen zelai haietan!
Jokatzeko modua ere aldatuko zen...
Kornerretan-eta, baloi guztiak hartzen nituen nik. Jokalariei esaten nien arazoa zutenean botatzeko kanpora, gero nik hartuko nituela-eta. Orain ikusten dituzu atezainak ukabilez baloia jotzen, esaterako, eta askori ihes egiten die. Halako eskularruak eta baloia eskapatu?
Mirandesek Athleticen aurka jokatu du errege Kopan. Zelan bizi izan duzu kanporaketa?
Jakinekoa zen ia ezinezkoa zela Mirandesek Athletici irabaztea. Baina lehen mailako lau talde igaro dira Anduvatik, eta ez da lorpen txikia! Nahikoa egin du. Hara gonbidatu ninduten, baina ezin izan nuen joan. Oso ondo tratatu naute beti; hango peñekin-eta asko egoten nintzen partidak amaitzean, askaltzeko.
Nor izan da, zure ustez, atezainik onena?
Zamalloa eta Carmelo Cedrun ziren onenak. Carmelo Kulturalak fitxatu gura zuen, baina ni nengoen, eta azkenean Zornotzara joatea pentsatu zuen. Eta begiratu gauzak zer diren: azkenean zortea izan zuen berak.