Kalerarock jauziz, korrikaldiz eta kolorez bustera dator Ze Esatek!

Anboto 2012ko ots. 24a, 08:16

Landakoguneko biharko Kalerarock elkartasun jaialdian joko du Ze Esatek! taldeak. Hamarreko honez gainera, Betagarri, Des-kontrol, Vomito, Bizardunak, Habeas Corpus eta Obrint Pas taldeek ere joko dute Durangon

Landakoguneko biharko Kalerarock elkartasun jaialdian joko du Ze Esatek! taldeak. Hamarreko honez gainera, Betagarri, Des-kontrol, Vomito, Bizardunak, Habeas Corpus eta Obrint Pas taldeek ere joko dute Durangon.

 

‘Rock and Ron’ diskoa aurkezteko emanaldi bikoitza egin zenuten Durangoko Azokako egunetan. Zer oroitzapen daukazue?

Dokumentala aurkezteko aukera paregabea eskaini zigun Ahotseneak, eta oso gustura egon ginen. Jende piloa zegoen, ez genuen hainbeste espero. Gero, gauean,  kontzertua izan genuen: ohituago gaude horretara. Kontzertu ona izan zen, birako bigarrena, eta oraindik ez genekien abesti berriek zelako harrera izango zuten. Baina argi geratu zen festa itzelak egingo ditugula aurten ere.

 

Zelan hartu duzue Kalerarock-en parte hartzeko proposamena?

Batetik, pozez, festibal handietan eta hainbeste taldegaz jotzea gustatzen zaigulako. Askotan guk atsegin ditugun taldeak zuzenean ikusteko eta parranda egiteko aukera ere izaten dugulako: ezin hobe! Bestetik, baina, ezin da ahaztu Hatortxu Rock eta Kalerarockek duten motibazioa eta helburua. Espero dugu egoera behin betirako aldatzea, eta preso eta iheslari guztiak etxean daudelako honelako azkena izatea.

 

Zelako kontzertua prestatu duzue? Kolaboraziorik?

Azken hilabeteetan egiten ari garen bezala, abesti zahar eta berriak tartekatuko ditugu. Hala ere, denbora apur bat murriztua izango dugu ziurrenik —ordutegiak direla-eta—, eta set lista laburtuko dugu. Kolaborazio bereziren bat edukitzea espero dugu, baina egunean bertan ikusiko duzue; badaezpada, ez dugu ezer aurreratu nahi.

 

Zuen kontzertu batean sekula egon ez denari zelan azalduko zeniokete zer den Ze Esatek!?

Hamar lagunek osatutako taldea gara, kontzertu dinamikoak eskaintzen saiatzen dena. Eszenatokia saltoz, korrikaldiz, umore onez eta kolorez betetzen dugu. Erritmo dantzagarriak eta festagiroa alkohol eta izerdiz bustita eskaintzen dugu: ondo pasatzeko aukera ezin hobea.

 

Eta duela pare bat urte zuen kontzertu batean egon zenak zer berritasun igarriko du?

Disko berria atera berri dugunez, set lista berritu dugu. Biziagoa eta azkarragoa, atsedenerako tarte gutxiagokoa izango da kontzertua. Bestelako, lehengoak gara: lehen bezain gaizki jotzen dugu! 

 

Gura beste aukera duzue zuzenekoetarako?

Ezin dugu kexatu: taldea sortu eta lehenengo urtean, diskorik izan gabe ere, 50 kontzertu eman genituen; bigarrenean, diskoa kaleratuta, 80. Iaz gutxiago joko genuela esan genuen, baina azkenean 60 izan ziren... Aurten saiatu gara negua apur bat lasaiago hartzen, baina astebururo dugu zerbait.

 

Datozen hileetarako, zer asmo?

Oraingoz kontzertuak ematea da gure helburu bakarra, baina egun batetik bestera asmo guztiak aldatzeko gaitasuna daukagu; beraz, batek daki zer gertatu daitekeen.

 

Bidaia baten ondoren ondu zenuten ‘Rock and Ron’ diskoa. Baduzue beste bidairik aurreikusita?

Badarabilgu bidaiaren baterako ideiaren bat buruan bueltaka, taldearen aitzakiagaz beste herrialderen bat ezagutuz berriro Euskal Herritik ateratzeko. Baina oraingoz ezer ez daukagunez lotuta, hobeto gaude ahoa itxita.

 

Zerbait gehitu gura duzue?

Eskerrak eman nahi ditugu eta espero dugu jende piloa gerturatzea bihar Kalerarockera, helburuak merezi duelako. 

 

 

 

 

Hainbat musika estilo uztartzen dituen jaialdia

 

Laurogeiko hamarkadako musika mugimenduan sorturiko eta 1998an hamar urterako desegindako Vomito taldea ere badator, bihar, Durangoko Kalerarock jaialdian parte hartzera. Orain hiru urte Siempre fue terror diskoagaz bueltatu ziren Euskal Herriko eta Espainiako oholtzetara, eta En la zona zero dihardute orain aurkezten.

Ze Esatek! lako lagun eta musikari talde zabala den Bizardunak ere  badator Landakoguneko oholtzatik “euskal folk erradikala” eskaintzera: jai giroa kutsatzen trebetasun handia dute Irlandako tradizioko doinuak bestelako moldetan eskaini dituzten The Dubliners eta The Pogues taldeen jarraitzaile diren nafar hauek.

Punk, Oi! eta streetpunk doinuak ekarriko dituzte, bestalde, Arrasateko Des-Kontrol seikotekoek; eta Euskal Herrian zein munduan zehar euren ska doinuak zabaldu dituzten Gasteizko Betagarrikoek ere joko dute biharko jaialdian.

 

\"\"

 

Kalerarock elkartasun jaialdiko deneriko musika eskaintza hardcore doinuekin osatzera datoz, bestetik, Habeas Corpus taldeko madrildarrak. 201 1ko Todo o nada diskoko kantak eta 1994tik kaleratutako zazpi diskoetako kantak eskainiko dituzte Durangon.

Plateruenean dantzatuz emango dute amaitutzat jaialdia, Trikiziogaz, 03:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!