"Inauteri egunak zoroak dira; egunik onenak"

Anboto 2012ko ots. 17a, 09:48

Inauteriak ate-joka ditugun honetan, seguru batek baino gehiagok mozorroa sortu edo lortu barik daukala oraindino. Margaren dendan izan dezake azken aukeretako bat; hori bai, ilaran ipintzea egokituko zaio. Lanpetuta baina gogotsu aurkitu dugu gure solaskidea, ateak zabaldu baino 10 minutu lehenago

Inauteriak ate-joka ditugun honetan, seguru batek baino gehiagok mozorroa sortu edo lortu barik daukala oraindino. Margaren dendan izan dezake azken aukeretako bat; hori bai, ilaran ipintzea egokituko zaio. Lanpetuta baina gogotsu aurkitu dugu gure solaskidea, ateak zabaldu baino 10 minutu lehenago.

 

Karnabalak heltzear daude. Igarriko zenuen zure dendan...

Ilarak izan ditugu astean zehar. Arratsaldeetan, 17:00etan zabaldu orduko jende asko egon izan da itxaroten; 30 edo 40 lagun egotera ere heldu gara. Urtero gauza berbera gertatzen da. Ez dakit jendeari azken orduan etortzea gustatzen zaion edo zer gertatzen den; orain, itxarotea tokatzen zaie. Zoramen egunak izaten dira hauek guretzat; egunik onenak izaten dira, baina, bestelako giroa dago.

 

Asko eta asko azken orduan etorriko dira, gainera...

Azkena datorrenak, dendan geratzen dena eroaten du etxera. Kantitate handian ekarritako elementuren bat bada lagundu dezakegu, baina batzuetan sei edo zortzi laguneko taldeak datoz, eta ezin izaten dugu kantitate hori inondik ere atera.

 

Bezeroen artean goiztiarrak ere egongo dira, edozelan be...

Hilabete daroagu dagoeneko, baina batez ere azkeneko biak dira intentsoenak. Azkeneko hau txarrena izan da, noski.

 

Zerk dauka arrakasta gaur egun?

Umeen ipuinekin lotutako hainbat gauza eskatu digute. Nik jadanik ume txikirik ez daukadanez, ez dut larregi menperatzen alorra, ez dakit zeintzuk diren pertsonaia horrek. Gauza batzuk ekarri daitezke eta beste batzuk ez, merkatuaren arabera.

 

Eta zer mozorro da urtea joan urtea etorri ondo saltzen dena?

Piratak eta indioak dira gehien saltzen direnak. Baina badago gauza arraroak eskatzen dituenik ere. Esaterako, aurten emakumeen poltsa edo zorroa eskatu didate. Orain dela urte batzuk ere ideia ekarri zidaten, baina kasu horietan jendeak eskuz egiten zituen mozorroak. Gaur egun mozorro-ekoiztetxe ugari dago, eta denetik egiten dute. Neskato batzuek olagarroa ere eskatu didate, eta botilak ere saldu izan ditut.
 

Edozer eskatzen dute, beraz...

Dagoeneko onartuta daukat. Hainbeste urte dira lanean! 29 urte daroadaz dendan.

 

Mozorroaren eboluzioa ere ikusiko zenuen urte hauetan.

Guk josteko ehunak zein mozorro eginak saltzen ditugu. Orain geroago eta gehiago prestatutakoak, ze ia inork ere ez daki josten...(barrez). Baina oraindino badago berea egiten duen jendea ere. Parekatuta dagoela esango nuke.

 

Zelan konpontzen zarete hainbeste mozorrogaz? Denda goraino daukazue!

Eguneratuta daroagu guztia. Baten bategaz despisteren bat izan dezakezu, baina, adibidez, zu etorri aurretik batzuei deika ibili naiz telefonoz, enkargu bat ahaztu dutela uste dudalako.

 \"\"

Egun hauek igarota, geratzen zaizu gogorik mozorrotzeko?

Bai. Bihar hiru dendariok mozorrotuko gara. Beste erritmo bategaz, hainbestete traste dugu-eta! (barrez). Hori bai, halako hotzagaz, etxetik etorri beharrean hemen mozorrotzen gara.

 

Karnabalez gainera, urtean zehar zer eskatzen du jendeak?

Batez ere telak saltzen ditugu. Bestalde, baserritarren jantzien bila ere etortzen da jendea. Horretaz gainera, mozorroak saltzen jarraitzen dugu, beti dago-eta despedida, urtegun edo jairen bat.

 

Zuk zer mozorro duzu zeuretzat gustukoen?

Ez dut errepikatzen, edo, behintzat, arraroa da hori gertatzea.  Hori bai, manga luzeagaz janzten naiz, ez dut hotzik pasatu gura. Aurten deabru mozorrotuko gara dendan, ilaje, adar eta guzti.

 

Josiko zenuen mozorro bat baino gehiago...

Gaur egun dendako zer edo zer hartzen dut mozorrotzeko. Baina, egia da etxean beti izan garela geure jantzi propioak sortzekoak. Bakarra izatearen onura dakar horrek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!