Fedebakoei egin litekeela erakutsi gura diete

Anboto 2012ko ots. 18a, 09:34

Entrenatzaile barik sekula ez zutela ezer egingo esaten zieten; gabezia indargune bihurtuz, Sapuberrik igoera lortu dezake aurten

Entrenatzaile barik sekula ez zutela ezer egingo esaten zieten; gabezia indargune bihurtuz, Sapuberrik igoera lortu dezake aurten.

 

Taldea sortu eta lehenengo urtean bigarrenetik lehen erregionalera igotzea lortu zuen Sapuberrik. Aurten maila horretan estreinako urtea duten arren, berriro ere igoera postuetan daude, eta inoiz baino kontzientziatuago dabiltza lanean; euren kabuz eta entrenatzaile barik, etengabeko praktika dute irakaslerik onena. “Entrenatzaile barik alperrik genbiltzala esan ziguten askok. Ez genuela ezer lortuko. Gabezia indargune bihurtzen saiatu gara, eta lanagaz eta konpromisoagaz gauza asko lortu daitezkeela erakutsi gura dugu”, azaldu du Jelko Uribe jokalariak.

 

Aurten, maila berrian zebiltzanez, kontuz hasi ziren. Partida batzuk galduagatik, euren burua gehiagorako gai ikusten zuten, ordea, eta hordagoa jotzea erabaki zuten. Serio hasi ziren entrenatzen; estrategia, alderdi fisikoa… Konpromisoa izan zen guztiaren giltzarria: “Salto kualitatiboa emateko kapaz sentitzen ginen, eta motibazio handiz hasi ginen lanean”.

 

Entrenamenduetako lana berehala islatu zen emaitzetan, eta zazpi astean segidan irabazi egin zuten, igoera postuan kokatuz. Hain zuzen ere, joan zen astean, Dantxariren kontrako derbian amaitu zen bolada ona, 6-4 galdu baitzuten. Gaur Zamudio hartuko dute etxean, 17:30ean. Irabazteko partida da, baina joanekoan ere hori uste zuten, eta jipoi latzagaz bueltatu ziren (9-2). “Kontuz, larregiko konfiantza barik jokatu behar dugu”, diote.

 

Gaur egun, Sapuberri bigarren dago, igoera postuan, eta puntu biko aldea dute promozio postuan dagoen Scaliburrekiko. Jakin dutenez, Scaliburreko jokalari onena lesionatuta dago, eta aste hauek aprobetxatu gura dituzte aldea handitzeko.

 

Bitartean, derbia irabazita eta Scaliburren porrota aprobetxatuta, Dantxari promozio postutik lau puntura kokatu da. Zapatuan Elorrioko Bren kontrako derbia jokatuko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!