Otsailaren 21ean, 18:30ean, Durangoko Liburutegian eskainiko dute Tati-ren pelikula.
Frantzian, 1949an estreinaturiko film europar klasikoa hautatu dute otsailaren 21ean Durangoko Udal Liburutegian antolatzen duten zineforumaren hurrengo hitzorduaren haria izateko: Jacques Tatik, bere umore soil eta hurrekoaren ikuspuntutik zuzenduriko Jour de fête.
Frantzian koloretan ekoitziriko lehenengo filmetariko bat izan zen datorren martitzenean Durangoko Liburutegian ikusgai eta aztergai izango dena; hala ere, koloretako euskarria garestiegia zelako, lehenengo urte haietan zuri-beltzean proiektatu zuten. 1994an berreskuratu ei zuten filmaren koloretako kopia.
Zinemako komiko handietakotzat aurkezten dute Tati, eta film honetan, amerikarrak imitatuz egun batean bere postari lana bizikletan egiteari ekiten dion François da protagonista; Tatik berak antzezten du paper hori.
Ohiz kanpoko ikus-entzunezko ekoizpenak maite dituztenentzat aukera eskaintzeko helburuz, duela urtebete ekin zioten lau lagunek Durangoko Liburutegian zineforuma antolatzeari. Ordutik, dozena bat lagun batzen dira Liburutegiko saioetan.