"Argazkia egin aurreko eta osteko prozesua ere oso inportanteak dira"

Anboto 2012ko ots. 19a, 08:53

Durangoko Arte eta Historia Museora \'XXI. mendearen euskal artistak\' berbaldi zikloa ekarri duen Artearen Ezaupidea itxiko du otsailaren 23an Begoña Zubero argazkilari bilbotarrak. Irudiaz eta botereaz jardungo du

Durangoko Arte eta Historia Museora ‘XXI. mendearen euskal artistak’ berbaldi zikloa ekarri duen Artearen Ezaupidea itxiko du otsailaren 23an Begoña Zubero argazkilari bilbotarrak. Irudiaz eta botereaz jardungo du.

 

Botereari eta irudiei buruzko hitz jokoa da Durangon eskainiko duzun berbaldiaren izenburua: ‘Irudien boterea, boterearen irudia’. Zer prestatu duzu Arte eta Historia Museoko egueneko hitzaldirako.

Burutu ditudan azken hiru proiektuen aurkezpena da hitzaldian egingo dudana. Arkitektura eta botereagaz zerikusia daukaten nire azken hiru proiektuak zelan garatu ditudan azaltzea da daukadan asmoa: lanen alderdi dokumentala zein praktikoa azaltzea.

 

Gogoko duzu hau bezalako hitzaldietan parte hartzea?

Bai. Ariketa oso interesantea dela uste dut, gaur egungo artistaren lanaren parte bat proiektuak egituratu eta hezurtzea dela iruditzen zaidalako. Hainbat eremutan antolaturiko berbaldietan azaldu izan dut nire lana, eta gogoko dut.

 

Garrantzia dauka argazkia atera aurreko lanak?

Bai, handia. Argazkigintza ez baita hartualdiaren unea; argazkia ez dago atzamarrean, buruan baizik. Argazkia egiten duzun unea ere oso inportantea da, baina aurreko eta argazkia egin ondorengo prozesua ere oso garrantzitsuak dira. Ostekoa izaten da proiektua eraikitzeko unea; argazkiak aukeratu, zer tamaina hartuko duten pentsatu... Prestakuntzak eginda, landa-lana burutzen da gero, eta lana ikusleei aurkeztu orduko ere badago beste ikerkuntza prozesu bat.

 

‘Artearen Ezaupidea’ izeneko ziklo honen helburuetako bat da XXI. mendeko artistak zelan bizi zareten ezagutzea. Zelan bizi duzue egoera ekonomikoa?

Gaizki, nahiz eta egia den gure kasuan krisia ia etenbakoa dela: honetan gabiltzanok urte asko daramagu borrokan. Gauzak hobeto doazenean badirudi mundu guztiak kultura gura duela, aldiz, gauzak txarto doazenean kultura —arte plastikoak barne— soberan dagoela ematen du. Jende asko ez da konturatzen kulturan lan egiten dugunok beste edozein bezalako industria bat osatzen dugula, eta bizirik irautea, egunero jatea behar dugula guk ere. Horrek hain zabalduta dagoen artearen ideia erromantikoarekin bat egiten ez duen arren, beste edozein bezalako ogibidea da gurea.

 

Zer proiektutan diharduzu orain buru-belarri?

Oso lan berezi eta desberdina izan da burutu dudan azkena: Bilboko udalaren eraikin berri bateko horma baterako argazki-inpresioa burutu dut. Arkitektuekin elkarlanean, argazkigintza gehitu diot obra publikoari: ia 300 metro karratuko argazkia da, aluminio gainean egindako inpresioa. 

 \"\"

Zelakoa izan da esperientzia?

Plano bakarraren gainean egiten dugu argazkilariok normalean lan, eta proiektu honetan bolumenak, hainbat plano, etab. landu ditugu. Argazkilarioi ate asko zabaltzen dizkigun alorreko proiektu oso interesgarria izan da.

 

Ematen du bidaiak eta argazkiak oso lotuta daudela zure kasuan...

Azken urteetan horrela izan da, prozesua —baita bidaiarena ere— asko interesatzen zaidalako. Joan aurretik informatu arren, apartamentu bat alokatu eta leku batean hilabete ematen duzunean, aurreko dokumentazioan ikusi ez dituzun gauza oso interesanteak aurkitzen dituzu. 

 

 

Azken hamarkada osoko proiektuak berbagai

 

Hiru hamarkada daramatza Begoña Zubero bilbotarrak argazkigintzari lotuta : askotariko enkarguak eta edizio lanak burutu, hainbat sari jaso eta erakusketak han eta hemen paratu ditu denbora horretan.

Durangoko ‘Artearen Ezaupidea’ berbaldi zikloen bederatzigarren edizio honetan parte hartzeko, baina, azken urteetan (2000 urtetik hona) garatu dituen hiru proiektuetan oinarrituko du Zuberok jarduna.
Zuri-beltzeko argazkiekin osaturiko Existenz lana, koloretako argazkien Cas & Gas, eta azken urteetan buruturako Pueblos de colonización lanak aurkeztuko ditu berbaldian. “Espazioei eta botereari buruz diharduten proiektuak dira hirurak”, aurreratu digu Zuberok.

\"\"

Bost urteko lana izan zen Existenz; Italia, Alemania, Polonia, Mosku eta Armenian egindako argazkiak biltzen dituena. Argazki bilduma horregaz, XX. mendean garrantzitsuak izan ziren eta totalitarismoekin lotutako espazioetan zeharreko bidaia da egileak proposatzen duena.

“Gerrosteko Armenian, bizimodu urbanoaren lehenengo zeinuak gasolindegiak eta kasinoak izan zirela” erakusten du Cas & Gas proiektuak, adibidez, eta “Frankismoko prefabrikaturiko herrietan” egindakoak dira Pueblos de colonización bildumako argazkiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!