Unerik gozoenean doa Kulturala Gernika liderrari bisita egitera

Anboto 2012ko ots. 17a, 08:45

Azken 18 puntuetatik 15 batuta, konfiantzaz beterik doa Durangoko Kulturala Urbietara

Azken 18 puntuetatik 15 batuta, konfiantzaz beterik doa Durangoko Kulturala Urbietara.

 

Konfiantzaz beteta, lehenengo itzuliko porrotaren (0-1) arantza txikia ateratzen saiatuko da Durangoko Kulturala Gernika liderraren zelaian. Azken hile biko emaitza onek lausotuta zirudien play offetarako bidea argitu diote berriro taldeari . Joan zen asteburuan Balmasedaren aurka Tabiran lortutako garaipen erosoari (3-0) beste lau gehitu behar zaizkio; tartean, Laudio hirugarren sailkatuaren kontrakoa. Urtea hasi denetik, Beasain bakarrik izan da Mikel Agirregomezkortak zuzendutako taldea menderatzeko kapaz.

 

Emaitzak zenbakietara ekarrita, azken 18 puntuetatik 15 batu eta gol bi bakarrik jaso dituzte. Defentsan lana hobetu izanaren arrazoietako bat txartel gorrien maldizioa gainditu izana da. Izan ere, etxetik kanpora jokatutako ligako lehenengo zortzi partidetatik bost hamar jokalarigaz amaitu zituzten; ia lau orduan aritu ziren bat gutxiagogaz. “Zama handia zen partidak hamarregaz amaitzea. Hori zuzentzeko lan egin genuen, eta azken aspaldiko partidetan ez digute inor egotzi”, dio Agirregomezkortak. “Gure zelaian egiten ditugun falten kopurua ere gutxitu da. Zuhurrago gabiltza”.

 

Gainera, hemendik aurrera badute esklusiboki gora begira jartzeko beste arrazoi bat. Mailari eusteko adina puntu (42) batu dituzte dagoeneko. Behin maila segurtatuta, goragoko kosketan jar dezakete arreta osoa.
Horri guztiari aldeko beste faktore bat gehitu behar zaio: taldeak ez du lesionatu bakar bat une honetan. Balmasedaren aurka Adrian Mallagaraik buruan kolpe bat hartu eta, erdi zorabiatuta, aldatu egin behar izan zuten, baina astebururako prest egotea itxaroten dute.

 

Bitartean, neguan fitxatu duten Joseba Alkuaz aurrelariak orduerdi jokatu zuen Balmasedaren aurka: “Gure jokamoldera egiten ari da apurka-apurka. Jokalari baligarria izango da aurrerantzean, beste guztiak diren moduan”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!