Euskadiko Ikasleen Orkestran jarduteko hautatu dituzte sei, eta Gazte Orkestrarako zortzi.
Bartolome Ertzilla Musika Eskolako eta Kontserbatorioko hamalau ikasle aukeratu dituzte EIO (Euskadiko Ikasleen Orkestra) eta EIO Gazte orkestretan parte hartzeko.
Durangoko musika eskolako eta kontserbatorioko ikasleak dira, EIOrako aukeratutako sei, eta ikastetxe horietako beste zortzi ikasle aukeratu dituzte, bestalde, EIO Gazte Orkestrarako. Azaldu dutenez, “Durangoko eskola eta kontserbatorioa dira aipaturiko bi orkestretan ikasle gehien izango dituen ikastetxetako bat”.
Besteak beste, Prokofief, Lauzirika eta Weber-en obrak interpretatuz, hainbat kontzertu eskainiko dituzte musikari gazte durangarrok, datozen hilabeteetan. Apirilean, gainera, Kolonbian zehar bira burutuko du Euskadiko Ikasleen Orkestrak.
Bilboko eta Gasteizko kontserbatorioetan eta Irungo Amaia antzokian ere kontzertuak eskainiko ditu, bestetik, Euskadiko Ikasleen Orkeztra Gazteak.
Laugarren urtez antolatu du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hautaketa prozesu hau, Euskadiko Ikasleen Orkestra osatzeko. EAEko kontserbatorio eta musika eskoletako 18 urtetik beherako ikasleei zuzenduriko hautaketa prozesua izaten da aipaturikoa, eta EAEko 20 kontserbatorio eta musika eskoletako 250 ikasle aurkeztu dira aurten.