Zapatuko II. Surf Jaialdiak surf zaleen eta surflari adituen arteko hartu-emanak sustatzeko bilgune izan gura du.
Zutundu elkarteak eta Durangaldeko hainbat surflarik otsailaren 11n Plateruenean antolatuko duten jaialdiko protagonistetako bat Kepa Acero surflaria izango da, eta Patagonian zein Alaskan bizitako esperientziekin osatu duen La última frontera dokumentala eskainiko du bertatik bertara.
Iaz hasitako bideari jarraituz, Durangaldeko surflarien bilgunea bihurtzeko asmoz antolatu dute zapatuko jaialdia Plateruena kafe antzokian. Ekitaldiak goiz-goizetik hasiko dituzte, eta mozorrotu ondoren Lagara joango dira han surf egitera.
Ondoren, 14:00ak aldera, kafe antzokian batuko dira bazkaltzeko. Arratsalderako prestatutako ekitaldien helburuetako bat surfa herritarrei zabaltzea da; horregatik surflariei ez ezik edonori interesatu dakizkiokeen ekitaldiekin osatu dute programa. Horrela, aurten surfaren inguruko tailerrak antolatu dituzte, 17:00etatik 19:00etara, nobedade legez. Surfeko taula egileak, taulen funda egileak, kamiseta egileak… hainbat espezialistek zelan lan egiten duten ikusteko modua egongo da.
Ondoren, hiru dokumental eskainiko dituzte. Lehenengoan, Gastrologging izenekoan, kostaldeko hainbat herri ezagutu ahalko dira, tokian tokiko olatuak eta gastronomia uztartuz.
Ondoren, Kepa Acero surflari algortarraren La última frontera lana ikusi ahalko da. Acero bera ere Plateruenean izango da, bertaratutakoen zalantzak argitu eta kuriositateak asetzeko. Acerok Patagonia eta Alaska aldean surfaren inguruan bizitako abenturen testigantzek jarraitzaile asko izan dituzte Interneten.
Amaitzeko, Asier Muniainek Islandia, Galizia eta Euskal Herrian hartutako olaturik ikusgarrienekin osatutako dokumentala erakutsiko du. Muniain bera ere etorriko da, “hor nonbait olatu itzelak dabiltzala entzun ez badu”, dio Txomin Magdalena Zutunduko kideak broma giroan, Muniainen surf zaletasuna azpimarratzeko.
Aurtengo surf jaialdiagaz amaitzeko, 22:00ak inguruan, Loonvagos taldeak musika kontzertua eskainiko du. Guztira 500 bat lagun batzea itxaroten dute: "Kostaldeko sur jaialdi askotan ez da hainbeste jende batzen".
Surfaren bidez, kultura trukaketa Irlandagaz
Durangaldeko Zutundu sup eta surf eskolak eta Irlandako The Surf Project elkarteak kirolaren bidez kultur elkartrukea sustatzeko programa sortu dute. Zutunduko kide Txomin Magdalenak azaldu duenez, “kultura bien arteko zubia izan gura du” Cross Culture Surf izeneko ekimenak.
Horrela, apirilaren 7tik 14ra Euskal Herritik 15 gazte joango dira Irlandara (County Clare herrira); kontrara, abuztuaren 18tik 25era beste hainbeste irlandar gazte etorriko dira Euskal Herrira (Zarautzera).
Ekimena 15 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Otsail osoan zehar zutundu.com web gunean izen-ematea hasiko dute, eta datu pertsonalak emateagaz batera hainbat galderei erantzun beharra egongo da, ekimenean benetan interesatuta daudela erakusteko. Ez da derrigorra, baina komeni da surfa gustuko izatea, Irlandan hainbat bider joango direlako itsasora surfa egitera. Zutundu eskualdeko elkartea denez, Durangaldeko bost surf zale egongo dira aukeratuen artean; Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Iparralde eta Bizkaiko gainerako herrietatik bina aukeratuko dituzte.
Cross Culture Surf programa antolatzeko kostu osoaren %60ra heltzen den diru-laguntza jaso dute Europar Batasunetik. Gainerako %40a parte hartzaileek ordaindu beharko dute. Bakoitzari 400 euro suposatuko dizkiola kalkulatu dute, baina surf zaleak aukeratu eta denak batera batzartzen direnean, dirua denen artean lortzeko zer egin dezaketen hausnartuko dute. "Helburua bidaia dohainik irtetea da", azaldu du Magdalenak.
Irlandan museoak, musika eta Irlandako itsasertzeko amildegi ezagun batzuetan sortzen diren olatu itzelak ikustera joango dira, besteak beste. Abuztuan, irlandarrak hona datozenean ere, Guggenheim museora, esku pilota partida batera zein bertso afari batera joango dira, esaterako.
Ekimenak arrakasta badu hurrengo urteetan berriro antolatuko dute eta beste herrialde batzuetara zabaltzen saiatuko dira. |