Gaur Durangoko Plateruenean ospatuko dute Gau Elektronikoaren hirugarren urteurrena. Jai berezia prestatu dute antolakuntzan jarduten duten Iker Undersound eta Ruben Costas Dj-ek: Txitxarro diskotekan aritzen den Patt eta lau Dj gazte ere gonbidatu dituzte jaialdi horretara.
Zer prestatu duzue gaurko Gau Elektronikorako?
Gonbidatu handia dakargu Gau Elektronikoaren hirugarren urteurrenera: Patt. Euskal Herriko Dj-rik ezagunenetarikoa da, Euskal Herriko aretorik onenean diharduena.
Lehenago gonbidatu duzue Patt Gau Elektronikoetara inoiz?
Bai, laugarren aldia da Platerueneko Gau Elektronikoan parte hartzera gonbidatzen duguna. Urtean behin, gutxienez, etortzen da.
Zeuek ere ipiniko duzue, baina, datorren barikuan musika!
Bai, noski. Gugaz batera beste lau Dj gazte ere izango dira, gainera. Batetik, gogo handiz dabiltzalako gonbidatu ditugu. Eta bestetik, guk biok jende gehiagoren kolaborazioa behar genuelako.
Nongoak dira Gau Elektronikoaren fitxaje berri horiek?
Laudiokoa da bata, abadiñarrak beste bi, eta Durangokoa da laugarrena. Urteak dira ezagutzen ditugula, eta gogotsu eta etorkizunerako apustu moduan ikusten ditugulako gonbidatu ditugu. Gauza berriak ekarri ditzakete.
Aurretik entzule izan dira zuen Gau Elektronikoetan?
Denak etorri izan dira gure saioetara. Hamazazpi-hamazortzi urtegaz, geu hasi ginen moduan, musika honen ingurukoak ikasten dabiltza; elektronikaren eta gauaren mundua ezagutzen.
Zabaldu egin duzue Gau Elektronikoaren lan-taldea...
Gu biok, Gau Tv-ko kamelari biak, lau kolaboratzaile, manager berria eta aretoko arduraduna dauzkagu taldean. Talde moduan hasi egin da Gau Elektronikoa, eta proiektura jende asko batzea lortu dugulako oso pozik gaude.
Azaldu egiguzue zertan datzan GauTv proiektua...
Proiektu oso berritzailea da, Euskal Herrian orainarte inor ez dena ausartu aurrera eroaten. Kameralari bi dabiltza gugaz. Etorkizunari begira, atzerrian ere gure lana ezagutzera emateko baliabide bezala apustu inportantea da: Youtube-ren bitartez asko zabaldu dezakegu gure lana. Web gunea ere badihardugu martxan ipini guran. Laster bistaratuko dugu.
Zelako bideoak izaten dira osatzen dituzuenak?
Telebista formatuan eta irudi bereizpen handiagaz osatutako bideoak izaten dira: gure proiektuagaz lotutako gai bat aukeratu, eta erreportajea osatzen du zuzendariak. Bost kapitulu dauzkagu gure Youtubeko kanalean ikusgai. Gau Elektronikoan parte hartu zuten Dj valentziar biri egindako elkarrizketagaz osatu dugu bideoetako bat, Lekeition egin genuen emanaldi batean, etab.
Zer helburu dauzkazue etorkizunari begira?
Gau Elektronikoaren marka Plateruenetik haratago ere zabaltzea da daukagun helburuetako bat. Ildo horretatik, Tour bat egiteko asmoa daukagu. EAE eta Nafarroako aretorik onenak bisitatzeko indar nahikoa hartu dugula pentsatzen dugu: martxo inguruan gura dugu tour hori abiatu.
Ipintzen duzuen musikari dagokionez, desberdintasunik igarriko dute barikuan zaleek?
Trantsizio urte bat eduki dugu musikari dagokionez: txipa apur bat aldatu dugu. Elektronikaren barruko estiloetan beti, baina dantzagarriena ez den deep-house arloan jardun dugu azken hilabeteetan, eta hemendik aurrera berriro bueltatuko gara gure tech-house jatorrira: dantzagarriagora. Entzulearengana bueltatuko gara: Gau Elektronikora ondo pasatzera datorren publikoarengan ipiniko dugu berriro fokua. Horixe baita Dj baten lana: jendea dantzaraztea, jendeak ondo pasatu dezan musika ipintzea. Bestalde, musika sortzaile, ekoizle moduan ere haztea da etorkizunerako daukagun helburua.
Durangaldetik kanpoko jendea erakartzea helburu
“Dena hobera joan dela” erantzun digute Iker Undersoun eta Ruben Costas gazteek, Durangoko Platerueneko Gau Elektronikoa proiektuak martxan daramatzan hiru urteetako balantzeaz galdetu diegunean. Emanaldietan batzen den publikoa asko aldatu, “berritu” egin dela ere azpimarratu digute: “Hasieran publiko gehiena Duragaldeko herrietatik gerturatzen zen, eta orain, aldiz, hemendik kanpoko jendea etortzen da gehiago: entzule berriak erakartzea lortu dugu”. Gau Elektronikoa, musika baino gehiago, “ikuskizuna, sortzen den giroa” dela azpimarratu gura izan dute Iker eta Rubenen antolatzaileek. Gaurko Gau Elektronikoan ere ikuskizuna segurtatuta dagoela aurreratu dute: lagun duten eta Dj moduan beharrean hamabost bat urte daramatzan Patt gonbidatu dute. “Hasi ginenean oso gogotsu geunden gazte bi ginen, baina baliabide gutxi geneuzkan, eta bere esperientziatik asko lagundu zigun Patt-ek”, diote. |