Khantoria Durangon: musikaren historia azaltzen duten doinuak

Anboto 2012ko ots. 6a, 08:37
Musikaren historia irakasten du Durangoko Musika eskolan Ander Berrojalbiz durangarrak, eta Khantoria taldeko biolinjolea da. Otsailaren 10ean eta 17an Kurutzesantu museoan eskainiko du hirukoteak kontzertua

Musikaren historia irakasten du Durangoko Musika eskolan Ander Berrojalbiz durangarrak, eta Khantoria taldeko biolinjolea da. Otsailaren 10ean eta 17an Kurutzesantu museoan eskainiko du hirukoteak kontzertua.

 

Azalduiguzu, mesedez, zein den musikaren munduan burutu duzun ibilbidea.

Umetan Durangoko MusikaEeskolan hasi nintzen, lehenago Kontserbatorioa zenean, biolina ikasten. Bilbon burutu nituen Goi Mailako biolin ikasketak gero, eta handik Bizkaiko Aldundiaren beka bategaz Londresera joan nintzen. Han hasi nintzen antzinako musika jotzen; han sortu zitzaidan interesa horretan sakontzeko. Ondoren, Aldundiaren diru-laguntzagaz, Alemaniako eskola batera joan nintzen, irizpide historikoetan oinarritutako antzinako musikaren ikastaroa egitera.

 

Antzinako musika lantzen espezialdua dago eskola hori?

Bai. Goi Mailako musika eskolaren barruan dago antzinako musikaren departamentua, eta horretan bereziki espezializatuta dagoen Alemaniako handiena da.

 

Zelan ailegatu zinen antzinako musikan espezializatzera?

Gurasoek bultzatuta, biolina nik eta pianoa jo izan du anaiak. Gero, beste interes batzuk sortu zitzaizkidan Bilbon biolina ikasten nengoela, eta Historia ikasketak hasi nituen. Beti eduki dut historian ere interes berezia, eta anjntzinako musikarena interesgarrien egiten zitzaidan arloa zela ohartu nintzen: biolina jotzea eta historia ezagutzea dakartza.

 

Zelan ikertzen da antzinako musikaren historia?

Biolina zelan jotzen zen azaltzen duten XVIII. mendeko tratatuak daude, esaterako. Baina, askotariko iturriak baliatzen ditugu; entzuleek liburuetan egindako komentarioak ere bai, esaterako.

 

Zer proiektutan diharduzu antzinako musikari lotuta?

Durangoko Musika Eskolan biolina eta Musikaren Historia erakusten ditut, Zaragozan finkatuta dagoen orkestra barroko bategaz XVII eta XVIII. mendeetako musika jotzen dut, eta Khantoria hirukoteagaz ere badihardut.

 

Zein da Khantoriaren historia?

Nire moduan Londresen eta Alemanian ikasten ibili zen Maider neska-lagunak biola jotzen du taldean. Alemaniako udako kurtso batean Virginia ezagutu genuen; klabezina jotzen du hirukotean. 2008an eskaini genituen gure lehenengo kontzertuak Euskal Herrian.

 

Khantoria legez, gura beste jotzeko aukera daukazue?

Orain arte kontzertu nahikotxo emateko aukera izan dugu, eta sarea egiten gabiltza. Egin genuen apustuetako ba, kontzertuak Euskal Herrian eskaintzea izan zen, herri txikietako jaialdietara gerturatzea: beste talde batzuekin hemendik kanpora asko jotzen dugu, eta Khantoria Euskal Herrira mugatzea pentsatu dugu.

 

Europako iparraldean hemen baino gehiago zaintzen dute antzinako musikaren tradizioa?

Tradizio handiagoa daukate musikari dagokionez. Ipar Europan, musikari protestanteen eskutik hasi zen 1960ko hamarkadan antzinako musikaren iraultza; Alemaniako iparraldean, Holandan... Hemen, askoz geroago, 1990eko hamarkadan hasi zen garatzen.

 

Gaitza izaten da musikariarentzat arlo teorikoa eta praktikoa uztartzeko astia lortzea?

Taldea eratzean hartutako erabakia da, hain zuzen ere, guretzat ezin delako bata eta bestea banatu: batzuetan ikerketan, liburutegian, pasatu behar duzu denbora, eta ez jotzen, baina guk jartzen ditugu erritmoa eta lehentasunak.

 

Durangoko Humanitates ikastaroan ere hartuko duzu parte.

Bai, Musikaren Histoariari buruzko sarrera orokorra eskainiko dugu Maiderrek eta biok, Museoko ikastaro horretan. 

 

 

 

 

Aintzinako eran konposatutako euskal kanta herrikoiak ardatz

 

Ikuslearentzat klabezin bat ikusten duen lehenengo aldia izan daiteke Khantoriaren hitzaldi-kontzertua. “Jotzen dugun musikak eskatzen duela uste dugulako, azalpenak ematen ditugu kontzertu guztietan”, dio Berrojalbizek.

“Musika gutxiago eta azalpen sakonagoak emango” dituzte Durangon: euskal musika herrikoiaren jatorriaren gainean egindako ikerketa bat izango da emanaldiaren haria. Gai horri buruz, esaterako, Aita Donostiak idatzi zuen liburua, eta beste hainbat lan ikertu eta konparatuz, euskal musika herrikoiaren eta Erdi Aroko eliz musikaren erlazioari buruz osatu duten hipotesia azalduko dute: “Harremana badute; gure kanta herrikoi asko eliz moduetan, Gregorianoetan dago idatzita”.  

Antzinako eran konposatuta dauden euskal kanta zaharren moldaketak eskainiko dituzte Kurutzesantu museoan: Bereterretcheren Khantoria kantagaz ohartu ziren, Anderrek dioenez, melodiaren lehenengo zatia eliz kanta batena lakoa dela, eta hortik tiraka IV. mendeko konposizio batera ailegatu dira. Hori da otsailaren 10eko hitzorduaren oinarria.

Hori guztia azaldu eta hainbat kanta joko dute: Haika mutil eta Lelotxo Montañako, esaterako.
Otsailaren 17ko hitzaldian, aldiz, 1610ean biolinarentzat beren beregi sorturiko lehenengo sonataren inguruan jardungo dute. Partitura azalduta, jendeak musika “ikustea” lortu gura dute: musika irakurtzen ez dakienak ere partitura segitu dezakeela erakusteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!