Arkularien Euskadiko Ligako laugarren jardunaldia Durangoko Landako kiroldegian jokatuko dute, gaur goizean, 65 lehiakidek.
Aurten ere Euskadiko Arkularien Ligako jardunaldi bat hartuko du Durangok. Gaur goizean izango da, 11:30ean hasita, eta 11 klubetako 65 arkulari inguru lehiatuko dira hainbat mailatan. Durangoko Arkulari Taldeko ordezkariek ere parte hartuko dute, eta Elisabeth Luengo emakumeen senior B mailako txapelketa irabazteko faborito argia da.
Arkulariak irizpide biren araberako taldetan lehiatuko dira. Batetik, adinaren arabera benjaminetatik gazte mailara bitarteko hainbat arkularik jardungo dute; bestetik, arku motaren arabera ere (kurbatua, olinpikoa edo mekanikoa) modalitate batean edo bestean ibiliko dira.
Arkularien Liga urrian hasi zuten eta martxoara arte iraungo du. Orain arte hiru jardunaldi jokatu dituzte, eta Durangokoaren ondoren beste bi geratuko dira liga amaitzeko: Amorebieta-Etxanokoa eta Etxebarrikoa.
Eskualdeko arkulariak
Durangoko Arkulari Taldeko hainbat kide sailkapenetako lehenengo postuetan dabiltza. Emakumeen senior B mailan, esaterako, Elisabeth Luengo lider dago eta puntuetan bibidertu egiten du bigarren sailkatua. Beraz, oker handirik ezean, bera izango da beste behin Euskadiko txapeldun.
Nagusietan ez eze, gaztetxoetan ere nabarmentzeko izen bi ditu Durangoko taldeak. Nesken benjamin mailan Naia Olabe eta mutilen kimuetan Danel Ugaldea sailkapeneko lehenengo postuan daude.