Trenaren lurperatzea berbagai asteleheneko istripua eta gero

Anboto 2012ko urt. 12a, 16:38

63 urteko emakumea harrapatu zuen trenak Landakoko pasabidean. Istripuak trenaren lurperatzearen gaia mahaigaineratu du Durangon, obren atzerapena hiru urte baino gehiagokoa baita.

Landakoko geltokiaren ondoan gertatu zen ezbeharra, astelehenean, 13:15 inguruan. Trenak aurretik eramanda, 63 urteko emakume bat hil zen. Euskal Trenbide Sareak (ETS) azaldu duenez, "lehenengo zantzuen arabera, ezbeharra gertatu zenean trenbide-pasaguneko hesiak jaitsita zeuden eta trenaren etorreraren berri ematen zuten argi eta soinu abisuak ere martxan zeuden".

 

Istripuak trenaren lurperatzearen gaia mahaigaineratu du Durangon.  Obren atzerapena hiru urte baino gehiagokoa da. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzak trenaren lurperatzean inbertitzeari utzi dio”. Obrak urtebetean “geldirik” daudela salatzeaz gainera, trena lurperatu eta gaur egun dauden pasabideak kentzeko eskatu du.

 

\"\"

 

Garraio Sailetik ahaldun nagusiaren kritikei erantzun diote. Bilbao “errealitatea desitxuratuz, polemiken jauna” dela azaldu dute. Trenbidea lurperatzeko lanen %74 eginda dagoela gaineratu dute. 2001ean proiektuak 67 milioiko aurrekontua zuela, eta azken inbertsioa 219 milioikoa dela gogoratu dute.

 
Epe berriak jakitera eman ditu Garraio Sailak. Aurten lurrazpiko geltoki berriaren lanekin jarraitzea aurreikusten dute; teilatuagaz, batez ere. Euba-Iurreta zatietako lanekin eta Lebarioko tailerren eta kotxetegien eraikuntzagaz jarraituko dute. Traña-Lebario zatiaren bikoizketa lanak amaitzea aurreikusten dute. Aurten 12,9 milioi euroko diru-atala dute, eta 2013ko 14,3 milioiekin datorren urteko erdialderako trena lurrazpitik pasatzea itxaroten dutela jakitera eman dute.
Aralarrek trenaren lurperatzearen auzia eta istripua bereiztu gura izan ditu. Ildo horretatik, lurperatzearen atzerapena arrazoi ekonomikoei egotzi die, eta “beste proiektu batzuei lehentasuna emateari”.

 

Pasaguneetako jazoerak

 

Astelehenean bertan ezagutu zuen Aralarrek trenbide-pasaguneetan hesiak igota egon direla-eta Legebiltzarrean Iñaki Arriola garraio sailburuari egindako galderen erantzunak. Irailean eta urrian hiru jazoera egon zirela onartu du Arriolak. Horietatik bi giza-akatsak izan zirela dio, eta beste bat arazo mekanikoek sortu zutela. Azken hiru urteotan pasabideetan gertatu diren jazoeren barne agiriak eskatu dizkio Aralarrek ETSri. “Azpiegiturak hondatuta dauden edo mantenua eskasa izan ote daitekeen jakin gura dugu”, azaldu du Dani Maeztuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!