Kurutziaga eta Sasikoa B txarto dabiltza; hala ere, euskal ligari eusteko aukera handiak ditu Kurutziagak mailako berezitasunegatik. Gaur dute partidua biek: Kurutziagak Landakon, 19:15ean; Sasikoa Bk, kanpoan jokatuko du.
Aurtengo denboraldian behin baino gehiagotan aipatu dugu Sasikoa A eta Elorrioko Buskantza ezinean dabiltzala hirugarren mailan; azken eta azken aurreko daude. Zoritxarrez, maila bat beherago, Kurutziaga Ikastola eta Sasikoa B ere ez daude ospakizunetarako: hauek ere sailkapeneko azken postu bietan daude, baina datu txarragoekin.
Kurutziagak puntu bakar bat batu barik amaitu dezake lehen itzulia, asteburuan Lagun Onak-en kontra galtzen badu. Sasikoa Bk joan zen asteburuan lortu zituen denboraldiko lehen puntuak, derbian Kurutziaga 9-4 menderatuta.
Dena dela, eskas ibiltzeko denboraldi aproposik badago, aurtengoa da. Izan ere, denboraldiari talde bat gutxiagogaz ekin zion euskal ligak, horrek jaitsierako postu bat kendu zuelarik; ondoren, Reformalux taldeak liga utzi egin zuen, bigarren eta azkeneko jatsiera postua ekidinez. Areto futboleko araudiari jarraituz, Kurutziagak maila galtzeko arrisku bakarra du: maila bi gorago jokatzen duen euskal talderen bat jaistea eta arrasteek eragitea. Beraz, bigarren B mailan dabilen Zierbenaren ibilerak hurretik jarraituko dituzte aurrerantzean, seguru.
Sasikoa Bri, arrisku horrek ez eze beste batek ere eragiten dio, maila bat gorago A taldea jaitsiera postuan dago-eta.
Kurutziagak iazko bloke iz berbera mantentzen duenez, Rober Perez entrenatzaileari ere ez zaio erraza hain ibilera ahularen arrazoiak bilatzea: “Mentalitatez huts egiten dugula uste dut. Jokalariek konpromiso handia dute, baina galtzen hastean burua arinegi jaisten dugu”.
Sasikoa Bren arazo nagusia da jokalari askok ezin dutela sarritan entrenamenduetara joan, ikasketen azken urtean dauelako edo lanagatik. Horrek ez du irtenbiderik aurten; A taldeak mailari eustea litzateke albisterik onena.