Gaur, Durangoko San Agustinen eskainiko dute, 19:00etan, \'Shakespeare para ignorantes\' obra.
Durango, San Agustin kulturgunea, aukeratu du Mofa e Befa antzerki taldeak Quico Cadavalek zuzentzen duen Shakespeare para ignorantes antzezlanaren 2012ko birari hasiera emateko.
Gaur Durangon eskainiko duten antzezlanaren izenburuko ‘Shakespeare’ eta ‘ignoratzia’ berben definizioak eskaintzen dituzte Mofa e Befa taldeko galiziarrek obraren aurkezpen orrian: “XVII. mendeko arrakasta handiko antzerki sortzaile eta ekoizlea” da euren berbetan Shakespeare, eta “zerbait zehatz edo orokorraren inguruko zientzia edo notizia falta” ignorantzia.
Hain zuzen ere, azalpenekin, Shakespearri buruzko irakasle baten berbaldiagaz abiatzen da antzerki obra: autore ingelesaren obrari buruzko konferentzia horretan, langabezian dauden aktore biren laguntza izango du irakasleak. Publiko gehienak ezezagun dituen Shakespearek sortutako eszenak oholtzaratuko dituzte, intimitate eta ekintza lotsagarriak azaleratuz.
MacBeth, Richard II, Lear Erregea, Hamlet, Otelo, Romeo eta Julieta eta Shakespeareren beste hainbat lanetako materialagaz osatu du Mofa e Befa talde galiziarrak antzerki obra hau.
Ganso & Cia-ren ikastaroa
Apirilean eskainiko ditu antzerkigintzagaz loturiko ikastaro bi Ganso & Cia taldeak: clown-ari buruz jardungo dute azken urteetan ere ikastaroa zuzendu duen Pep Vilarekin, eta Gorputz komikoa ikastaroa eskainiko du Pablo Ibarluzeak. Izen-ematea eta informazio gehiago: info@ganso.info.