Iazko apirilean kaleratu zuen lagunek inguratuta osaturiko 'Toubkal' diskoa Iban Gorritik; ingurukoen artean banatu du azkeneko hileetan diskoa, opari legez. Iazko urte amaieratik, baina, Durangoko Hitz eta Arteka liburudendetan eta Kepa Aginakoren argazkidendan edonorentzat eskuragai dago lana, 5 euroan
Oso proiektu intimoa baina, aldi berean, hainbat jende batzen duena da diskoa...
Oso hurreko lagunak dira parte hartu duten guztiak: 1988tik hona, musikaren inguruan daramadan denboran ezagutu ditudanak. Kantak gitarragaz grabatuta neuzkan, eta lagunei deitzen hasi nintzen, kolaboratu zezaten proposatuz. Bakoitzak bere ikutua gehitu die bateriagaz, koroekin, biolinagaz, pianoagaz... Beti esan izan didate jende gehiegi batzen dudala nire proiektuetara, errazagoa dela guztia lau lagunekin egitea. Lagun artean sortzen den giro hori dut nik, baina, gustukoen.
Noiz osatutako kantak biltzen dira diskoan?
1993an sortutakoak zein orain egindakoak bildu ditugu diskoan. Martxoak 31 taldean alboratu genuen kanta bat berreskuratu dut, esaterako, diskorako: hain justu jendeari gehien gustatu zaion Days of van, diskoko lehenengoa.
Diskoak mezu oso baikorra helarazten duela dio jendeak...
Bai, horrela ikusi du jende gehienak. Aiur semea jaio zen bizitzako sasoi berri baten hasieran sortutakoa da diskoa, eta neska-laguna haurdun zegoela, denbora librean egin genuen grabazioa. Oso gauza berezia izan da: oso intimoa. Musikariekin baino gehiago, familiagaz sortutakoa balitz legez. Diskoa semeari dedikatzea izan da ideia, eta jendeari oparitu egin dizkiogu ale gehienak.
Diskoaren ‘Toubkal’ izena, bidaia batetik ekarritakoa da...
Alpinogaz Afrika iparraldeko altuena den Toubkal mendia igo nuen 2000. urteko bidaia batean, eta hurrengo urtean neska-laguna eta biok joan ginen. Handik, orain bederatzi urte ekarri genituen semearen eta diskoaren izena.
Ahotsak, koroak, bereziki landu dituzue disko honetan?
Bai, diskoaren ekoizle artistikoa izan den Elorrioko Mikel Quesadak eta Izaskun Camiñasek egin dituzte koroak, eta eurei esker da emaitza hain berezia.
Diskoko kantak zuzenean eskaintzeko asmorik?
Ez, printzipioz ez. Bigarren disko bat egiteko gogoagaz nabil orain. Dena den, zuzenean eskaintzeko aukera hor egongo da gero ere.
Ibili zaren taldeen musikagaz alderatuta, geldoagoa da hau.
Bai. Harritu egin da jendea horregaz. Esango nuke estresak eraman nauela musika geldoagora: lanez lepo ibili naizenean lasaigarri moduan erabili dut azken urteetan musika. Horrek, dena dela, ez du kentzen hurrengo diskoa animatuagoa izatea.
Bidaia, ilusio eta lagun artean sortutako “musika furgoneteroa”
Bidaiei erreferentzia egiten dieten kantak dira diskokoak: furgonetan egindako bidaiei buruzkoak. Disko formatua hartu duen eguneroko bat, “bitakora” da Iban Gorritiren berbetan, Lekeitioko zinema lehiaketan irabazitako sariagaz finantzatutako Toubkal. Denison Witner, Damien Jurado, Pedro The Lion eta Bob Marley dira Gorritiren kuttunak. Azkenaldian ingelesez kantatutako musika entzuten duela gehien dio, eta “rockagaz ondoen uztartzen den sonoritatea ingelesarena” dela uste duelako hautatu duela hizkuntza hori azaldu digu. Durangaldeko musika sorkuntzari dagokionez, “oso eszena aberatsa” dagoela dio. “Asko pozten nau alor desberdinetan diharduten musikariek elkar errespetatzen dutela ikusteak: hori falta genuen 1980 bueltan”. Hain zuzen, talde eta estiloen arteko harreman horiek sendotzen lagundu dutelako, “Gorka Biziush eta Dummy pertsona klabeak” direla azpimarratu gura izan du. Bere diskoari “musika furgoneteroa” etiketa ipiniko liokeela aipatu digu kultur kazetaritzan lan egiten duen Gorritik. Aste Santuan familiagaz Goi Atlasera egingo duen bidaia eta bigarren diskoa darabiltza buruan orain: “Beharrizana daukat bidaiatu eta sortzeko, egun guztiak berdinak izateak zahartu egiten gaituela sentitzen dudalako, eta sorkuntzak ilusionatu eta eraberritu egiten nauelako”. Diskoa bera ere asko ari da bidaiatzen: Biziush lagunak Esloveniatik bidali zuen lehenengoa, eta aldamenekoak lako beste 30 argazki jaso ditu Gorritiren postontziak. |