Semaforoak kendu eta biribilgunea eraikiko dute Frai Juan Zumarragan ere

Anboto 2011ko abe. 21a, 14:57

Helburu nagusi moduan herriko zirkulazio-argiteria guztia kentzea daukan Tokiko Agenda 21 planaren barruko ekintza da, Udaleko gobernu taldeak azaldu duenez, orain aste batzuk Ermodo eta Frai Juan Zumarraga kaleen artean zeuden semaforoak kentzea

Helburu nagusi moduan herriko zirkulazio-argiteria guztia kentzea daukan Tokiko Agenda 21 planaren barruko ekintza da, Udaleko gobernu taldeak azaldu duenez, orain aste batzuk Ermodo eta Frai Juan Zumarraga kaleen artean zeuden semaforoak kentzea.

 

Durangoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, Agenda 21eko plan hori jarraituta, eta udalerrian argindarra aurrezteko helburuz, 60 semaforo kendu dituzte 2006tik hona, herrian. Mari Jose Balier Hirigintza Batzordeko Buruak adierazi duenez, "Durangoko udalak buruhauste handiak izan ditu azken urteotan trafikoa gehitu izanaren ondorioz; horrexegatik, berealdiko ahaleginak egin behar dira hiri-politikaren esparruan garapen jasangarria lortzeko". Aurreratu dutenez, orain martxan dauden beste 14 semaforo kenduko dituzte Durangon, laister.

 

Biribilgunea Frai Juan Zumarragan

"Herrirako sarbide garrantzitsuenetarikoa delako" udalak hiri-antolaketaren ardatz nagusienetakotzat daukan Frai Juan Zumarraga kalean ere, semaforoak kendu, eta biribilgunea eraikiko dute.

 

Kale horretan ibilgailuen abiadura murrizteko eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko neurriak hartuko dituztela, eta biribilgunearen inguruan bidegorria egokituko dutela ere iragarri du asteon, gobernu taldeak.

 

Biribilgune hori eraikitzeko lanak (274.999 euroko lizitazio-prezioa daukatenak) maiatzean abiatzea, eta hiru hilabete inguru luzatzea aurreikusten du gobernu taldeak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!