Bartzelonari irabazten badio eta Hernani liderrak Hercesa mendean hartzen badu, azken postutik irtengo dira lehenengoz.
Ohorezko B mailako denboraldia hasi zenetik lehenengoz, azkeneko postutik irteteko aukera du Durango Ilarduyak. Liga amaitzeko sei jardunaldiren faltan, DRT azkena da, 10 puntugaz, eta Hercesa azkenaurrekoak 12 dauzka. Durangarrek Bartzelona hartuko dute domekan etxean: “Erronka gaitza, baina lorgarria”, Zorion Zabala entrenatzailearen ustez. Hercesak, berriz, orain arteko lehia denak irabazi dituen Hernaniren zelaia bisitatuko du. Marka litzatek Hernani ez nagusitzea.
Gabonetako atsedenaldira azkeneko postutik kanpora heltzea, ligako azken txanpari grina eraberrituz ekiteko modua izan daiteke. Horretarako lehenengo baldintza domekan Bartzelona hirugarren sailkatua gainditzea da: “Talde indartsua dute, baina gure liga oso parekatua da. Gure taldea gogotsu dago, eta irabazteko aukera izango dugula uste dut”, dio Zabalak.
Arripausueta gotorleku bihurtu gura dute, eta salbazioa Durangon bertan ei dago: “Independiente eta Hospitalet taldeek hona etorri behar dute, eta neurketa horiek irabaztea lortzen badugu azkeneko postua ekidingo dugula uste dut”.
Kanpoan makal
Ohorezko B mailan daramatzaten zortzi urteetako askotan sufritzea egokitu bazaie ere, aurten bereziki txarto dabiltza; batez ere, etxetik kanpora. Etxean erakusten duten grinarik ezin dute erakutsi Arripausuetatik urrun. Autokritika egiten lehenengoa entrenatzailea bera da: “Joko aldetik sarritan ez da alde handirik izaten, baina motibazioan eta kontzentrazioan huts egiten dugu. Nahi baino errazago egiten dizkigute entseguak. Etxean erakutsitako grina eta txispa berreskuratu behar ditugu kanpoan”.
Bestalde, zapatuan 10:00etan, Sukia errubgi eskolak gaztetxoen kontzentrazioa egingo du Durangon, Arripausueta zelaian.