Gogoeta eta aldaketa uneak bizi dituzte Gerediaga elkartean, XXI. mendeko Azokaren etorkizuneko izaera eta ezaugarriak zehazteko.
Azkeneko bider izango da Durangoko Azokako zuzendari Jon Irazabal iurretarra. Hala ere, ez doa etxera; aurrerantzean ere beste lan batzuetan ibiliko dela adierazi digu. Ateak zabaltzeko ordu gutxi falta diren egun hauetan, lanez gainezka dabiltza Gerediagako kideak, baina tarte bat egin eta bulegora gonbidatu gaitu Irazabalek. Aurrera eta atzera begiratzeko aprobetxatu dugu.
Nondik dator zuzendaritza uzteko erabakia?
Hainbeste urteren ondoren, belaunaldi-erreleboa behar zela ikusten genuen. Gainera, gaur egun Azokak beste osagarri, maila eta arlo batzuk ere batzen ditu, eta uste genuen interesgarria zela beste pertsona bat sartzea. Bestalde, zuzendaritza konpartitu bat beharrezko ikusten genuen, orain arte zuzendari bakarra egon da-eta. Aitziber Atorrasagastik arlo ekonomikoan jarraituko du, nik segurutik arlo teknikoan, eta Aiert Goenaga zuzendari orokorra izango da.
Gogoetan murgilduta zabiltzate Gerediagan.
Azoka birdefinitu behar da. Estrategiaren inguruko ikerketa eta hausnarketan gabiltza. Azokaren etorkizuneko zutabeak jartzea dugu helburu. Langileak, bisitariak, muntaketa alorrekoak, kultura ordezkariak... hainbat agenteren ekarpena jaso dugu, oinarrizko dokumentu bat egin eta eztabaidagaz jarraitzeko asmoz.
Durango euskal kulturaren hiriburu bihurtu gura ei duzue.
Azoka fenomeno kultural oso garrantzitsua da Euskal Herri osoan. Diskoetxe eta argiteletxeentzako zer esanik ez, eta ez handien kasuan bakarrik. Bestalde, Liburu eta Disko Azoka izaten jarraitu behar du ala Kultura Azoka izan beharko da? Hainbat gauza dago zehazteko. Teknologia berriez ere asko berba egiten da, baina ez dakit merkatua zer punturaino dagoen horretan; orain dela 16 urte zabaldu genuen espazio hori 12 standekin, eta gaur egun bakar bat gehiago dago soilik.
Noiztik zabiltza Azokaren antolaketa lanetan?
1980an hasi nintzen, hilabeterako hartu nindutenean. Izan ere, orduan Azoka laupabost lagunen artean antolatzen zen. Antton Mari Aldekoa-Otalora, Sabin Goikolea, Lazaro Milikua, Jose Luis Lete eta Jesus Mari Salterain zebiltzan. Ni Gerediagan, artxibaketan nenbilen bolondres. Lazaro zen Azokako arduraduna, eta bere lanorduetan egiten zituen beharrak; eraman ezinekoa bihurtu zen. Horregatik liberatu ninduten.
Azoka antolatzeak zer eman dizu pertsonalki?
Bai Azokak bai Gerediagak, norbere gustuko beharrean ibiltzea. Eta ez da gutxi. Gaur egun asko erabiltzen ohi da norbere burua garatzeko aukera izatea garrantzitsua dela esatea; ez dakit horrek diren berbak, baina Azokatik jaso dudana horrelako zer edo zer dela esango nuke.
Eta zer kendu dizu?
Ordu asko. Txiste legez esango dizut, Gerediagan 35 orduko lan astea dugula, baina ordaintzen direnak direla 35. Sartu beharreko ordu guztiak sartzen ditugu, beste hainbat beharretan moduan.
Urte hauetan guztietan, kontatzeko esperientzia ugari izango duzu.
Azokako anekdotekin liburua kaleratu beharko genuke. Behin, Azoka merkatuan egiten zenean, bertara joan eta sarrerako mastetan hiru bandera espainiar zeuden ipinita. Banderen gerran geunden bete-betean sasoi hartan! Kaka praketan egin genuen guztiok; Azoka zabaltzeko ordu erdi falta zen. Bandera kentzea delitua zen, eta nork kendu? Udalekoek brigadako enkargatuari deitu zioten, eta hark zioen banderak jartzeko agindua jaso zuela, eta beretzako bandera bakarra zegoel a . K e n t z e a n , basura-poltsa batean sartu genituen, inor ez konturatzeko moduan. Brigadakoak eroan zituen.
Zer sentitzen duzu Azokako atea zabaltzean?
Zabaltzean lasaitasuna, egindakoa eginda dagoelako. Azterketa egitera joatea lakoa da. Poza ere bai, jende piloa datorrelako norberak egindako behar bat ikustera.
Eta atea ixtean?
Hurrengo urtera arteko deskantsua.