Uztailean hil zen ikerlari, idazle eta euskaltzaleari omenaldia egingo diote, gaur, otxandiarra gertutik ezagutu zuenen eskutik. Omen-ekitaldia, 13:00ean hasiko da.
Bagare, bagera, bagire, bagara... berba horrexek aukeratu ditu Gerediaga elkarteak Bittor Kapanagari Durangoko Azokan egingo dioten omen-ekitaldirako. Berak sortu eta Gontzal Mendibilek famatu egindako kanta ezagunaren hitzak. Ikerlari, idazle eta euskaltzale otxandiarra uztailean hil zen, 85 urte zituela. Gaur, haren lanaren eta pertsonaren inguruko gogoeta egingo dute Durangoko Azokako Aretoan.
Gertutik ezagutu zuten idazle, musikari eta bertsolariek parte hartuko dute, 13:00etan hasiko den ekitaldian. Euskara eta euskal mitologiaren ikertzaile izan zenaren argazkiak erakutsiko dituzte. Berak sortutako hitzak dituzten kantak ere abestuko dituzte, eta haren hainbat testu irakurri.
Gerediaga elkarteko kide zen Kapanaga, eta ia sorreratik zuzendaritzan egondakoa urte askoan. Idazle eta euskaltzale Eibarren (Gipuzkoa) industriamaisu ikasketak egin zituen, eta orduan hasi zen gerraosteko euskal mugimenduan, beste hainbat euskaltzalegaz batera.
1953an Euzko Gogoa aldizkarian hasi zen idazten; geroago, Zeruko Argia-n, baita beste aldizkari eta argitalpen batzuetan ere. 1978an, Euskera, erro eta gara liburua argitaratu zuen, euskararen erroetan arakatuz; oihartzun handia izan zuen liburu horrek. Olentzaro argitaletxean argitaratu zituen gainerako lanak. Berba hori berreskuratzeko ahalegin handia egin zuen bere idazkietan. Bereak dira Badator Olentzaro; Olentzaro: sua hilda; Olentzaroren aurpegiak; Olentzaroren lagunak; eta, Oxinondoko gertaerak. Denak 1995ean kaleratuak. Herri ohiturak batzen, herri kulturgintza sustatzen eta euskararen alde egindako lana eskertzeko Argizaiola saria ere eman zion Gerediagak