Bihar itxiko ditu ateak XVI. Euskal Dendak. Atzo, "egundoko harrera" izan zuen, antolatzaileek azaldu dutenez. Ia 6.000 lagun bertaratu zen merkatu plazan egokitutako erakustokiak ikustera. Abenduaren 3an zabaldu zituen ateak eta, orokorrean, 13.000 lagun bertaratu dira.
Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua lelopean zabaldu zituen ateak Euskal Dendak abenduaren 3an eta "apurka-apurka animatu dira Euskal Dendatik igaro diren bisitariak gastua egitera ere bai", antolatzaileek prentsa-ohar baten jakin eragin dutenez: "Izan ere, artisautza bizimodu bat da, gure herriaren balio kulturak bultzatzeko modu bat da, baita garapen ekonomikoa sustatu eta, gaur egun, galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazteko modu bat ere. Horrela bada, ekimen honen inguruan Euskal Herriko artisautzaren eta antzinako lanbideen gailenak batzen dira".
Euskal Dendak Euskal Herri osoko ordezkaritza batu du Durangoko Merkatu Plazan: Bizkaiko 27 artisau batu ditu, Gipuzkoako 13, Nafarroako 6 eta Arabako bi. Baxenafarretik eta Lapurditik bana izan dira. Sektoreka banatuta, berriz, nekazaritzako elikagaien 9 ordezkari daude Euskal Dendan, beria lantzen duten zortzi, metala eta zeramika lantzen duten zazpi, eta, langai moduan egurra darabilen sei. Ehungintzan aritzen diren lau artisau, eta, larrugintzan diharduen hiru ere badaude. Horiez gain, artea, harria, landare-zuntza, euskal kirolak eta kosmetika lantzen duten ere badaude.
Galiziari leku berezia
Arbasok leku berezia egin dio Galiziari, aurten. Artisauen ordezkaritza "garrantzitsua" etorri da bertatik azaldu dutenez. Horien artean, Finisterreko artisauek antzinako lanbideak lertzeko modua erakutsi die bisitariei. Azken bi egunotan ere hainbat ekintza ludikotan parte hartzeko aukera izango dute bisitariek. Horretara, jolasa eta lehiaketetan parte hartzeko aukera izango dute, baita gazteenek ere, eurentzeko beren-beregi antolatutako tailerretan.
Artisauen eta bisitarien arteko komunikazioa funtsezkoa da" Arbasoren iritziz. Beraz, beste behin, bisitariek erabakiko dute, botoa emanez, zein den ondoen apainduta dagoen erakusketaria. Halaber, artisau despistatua deritzon lehiaketan parte hartzeko aukera dutela gogorarazi dute antolatzaileek, sarrerarekin bakarrik honako zozketan sartuko baitira: asteburu pasa Durangaldeko ostatu batean. Umeentzat ere izango dira ekintzak, aukera dute artileberria, karameluen eta zapi margotuen tailerretan parte hartzeko.