Paddy Rekaldek \'Spray\' hirugarren poesia liburua argitaratu du 2011n. Ikuspegi humano eta errebelde bategaz lantzen ditu gizarte arazoak, gerra eta literatura lako gaiak. Durangoko Azokan dauka bere lana salgai.
Horma batean poema bat idatzita ikusi eta gero hasi ei zinen ‘Spray’ poema idazten.
Poema horrek ematen dio izena liburuari, poema horretan erabat konpartitzen dudan filosofia bat dagoelako. Durangon bertan ikusi nuen poema hori, eta ideia ez da hormetan idaztea, kaleak hartzea eta betiko lekuak berreskuratzea baino. Orain dena dago ofizialduta, oniritzi baten, beka baten, bedeinkapen baten zain... Boterearen inguruan sortutako kanon horiek hor daude, eta nik uste dut Euskal Herrian gauza asko egin badira eta ilusio asko piztu badira, momentuko kanonei begira egon barik egon garelako izan dela. Izaera hori aldarrikatzen dut; kalera jaitsi eta idatzi edo margotzea bedeinkapen baten zain egon barik.
Boterearen eta menpekoen arteko hartu-emanak sarri agertzen dira zure poemetan.
Agian natorren belaunalditik natorrelako izango da. Arlo politikoak, sozialak, pobreziak, torturak... Horrek guztiak eragina eduki du nigan. Batzuetan pop artearen laztan luze bat ikusten dut oso koloretsua; “ni, eta nire arazoak, eta nire harremanak”... Ez diot hori baztertu behar denik, baina aldarrikatzen dudana da bizi garen munduan gertatzen diren miserien eta sufrimenduen aurrean isilik ez egotea, eta salaketa hori egiten dut nik nire poemen bitartez.
Poesia humanoa egiten duzula esan izan duzu.
Nire poesiari adjetiboren bat ipintzekotan, bat humanoa izango litzateke. Batzuetan poesiaren inguruan beldur bat sortzen da jendearengan; oso poesia hermetikoa eta itxia egin izan da, eta jendeari gertatu zaio arte modernoari begira moduan: ez dutela ezer ulertzen eta atzeraka eragiten diola. Nik uste dut nire poesia oso ulergarria dela; eta humanoa, humanitatearen gaiak ikutzen saiatzen naizelako. Inguruan, Euskal Herrian eta munduan ikusten dudan sufrimendua kontatzen saiatzen naiz.
Gizarte gaiez gain, liburuan poema intimoak ere badaude.
Normalean ez dut gai zentral baten inguruan idazten, bainakonturatu naiz gai batzuk errepikatu egiten direla: 36ko gerra, literatura eta musika, gizarte mailako miseriak eta arazo sozial eta politikoak... Eta batzutan nire barruko intimitateari buruz ere idazten dut. Konturatu barik gai horiek buruan edo bihotzean bueltaka dauzkat. Uste dut poema guztiek estilo bat dutela; bai munduari begira bai nire etxe barrukoari begira, begirada humanoa daukate, eta askotan errebeldea. Uste dut hori dela guztia lotzen duena. Bat-batean egoera bat ikustean edo gogoratzean hunkitu egiten bazaitu, konturatzen zara poema bero bat egon daitekeela.