Durangaldeko fruitu musikala heldutasunera ailegatuta

Anboto 2011ko abe. 7a, 08:48

Musika nobedadeen artean indartsu sartu dira Antton, Etxe eta Xarmaren disko berriak. Hirurek euren jauzi musikal propioa dakarte Azokara, egitasmoak birdefinituz, sendotuz eta zehaztuz. Gaur Anttonek aurkeztuko du zuzenean bere lana Ahotsenean. Abenduaren 8an, Etxek jardungo du Plateruenean. Xarmak, berriz, Durangokoa Azoka zabaltzeagaz batera izan zuen bere aukera

Musika nobedadeen artean indartsu sartu dira Antton, Etxe eta Xarmaren disko berriak. Hirurek euren jauzi musikal propioa dakarte Azokara, egitasmoak birdefinituz, sendotuz eta zehaztuz. Gaur Anttonek aurkeztuko du zuzenean bere lana Ahotsenean. Abenduaren 8an, Etxek jardungo du Plateruenean. Xarmak, berriz, Durangokoa Azoka zabaltzeagaz batera izan zuen bere aukera.

 

Hitz handiz esan baino, berba txikiz egiak oihukatuz dator Antton. Abesten duten lemetako bat da hori. Izena lehenagotik ezaguna egingo zaigun arren,  proiektu berria da Antton. Abeslari elorriarrari lau lagun batu zaizkio, talde legez ibilbide berri bati ekiteko: Lor taldeko Lander Irazola (gitarra, ahotsa) eta Ramiro Unzeta (bateria), Malo taldeko Txaber San Pedro (baxua) eta besteak beste Edanen ibilitako Mikel Nuñez (teklatua).

 

\"\"

 

Taldekideek diote era naturalean, ia ohartu barik, sortu dela egitasmo berria. Antton eta Landerrek aspalditik ziharduten elkarlanean; Ramiro eta Txaber ere ez dira urrunekoak; biak elorriarrak. Ideiari bueltak ematen hastean, Mikeli gonbita egitea pentsatu eta hortik aurrera zabaldu zen istorioaren atea.

 

Boskote honen lehen emaitza da Gorantz erori. Gaur aurkeztuko dutena zuzenean, Ahotsenean, 13:30ean. “Batetik, izenburuaren esanahi literalari begiratuta, gorantz erortzea zutunik jaustea moduan ulertzen dugu: zortea edukitzea irudikatzen du. Konziente gara, hau dena zelan sortu den ikusita, zortedun garela. Bestetik, gorantz erortzearena, gauzak ulertzeko modu bat ere iruditzen zaigu: jausi eta berriro altxatuta ikasten dela bizitzan gehien”, diote. Ondarroako Santos Records estudioan grabatu dute lana, eta Ohe hutsegiak kantan Aiora Renteriaren (Zea Mays) ekarpena jaso dute. Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Endika Zarrabeitiaren berbak musikatu dituzte.

 

Etxek, berriz, abenduaren 8an izango du txanda. Plateruena kafe antzokian jardungo du haize berriak zabalduz eta formatu akustikoan. Kontzertua 18:00etan hasiko du.

 

 \"\"

Inflexio puntua da disko berria Etxeren ibilbidean, Berrizko musikariak aitortu duenez. Gaztetatik talde ugaritan ibilitakoa da Iñaki Etxezarraga, eta bakarlari legez ere baditu bilduma bi plazaratuta. Bere bizitzan garrantzia handiko pasartea izan da ETBko El conquistador del fin del mundo telesaiokoa, eta hor ere badu oinarria sormen lan berriak. Programa horretarako Munduaren amaiera konkistatzen abestia ondu zuen, eta hori izango da diskoaren atariko doinua. Udan Trikizio taldeagaz jotzen zebilela, hainbatek eskatu ei zioten telebistako kanta abesteko, eta emanaldi “intimoago” batzuekin probatzea pentsatu zuen.

 

Guztira hamar piezak osatzen dute Haize berri bat. Horietatik sei berrikuntzak dira, eta gainerakoak aurreko diskoetako zenbait abestiren moldaketak. Berrizkoak taldea baztertu eta bere gitarrarekin bakarrik ondu ditu diskoko hamar kantak. Etxeren ahots eta gitarraz gainera, Iban Gurrutxagaren country-rock kutsuko gitarra-konponketak ere entzun daitezke. Edozelan ere, diskoan Berrizko musikariaren ahotsa da protagonista nagusia.
Diskoa Ondarroan grabatu du Jon Olabarriaga teknikariaren laguntzagaz, 2011ko urrian. Zuzenekoetan murgilduta dabil, eta kanpora joateko aukera ere eduki du; Pontevedra, Ourense eta Segoviara, besteak beste.

 

\"\"Nortasun zehatzagoz dator Xarma bere bigarren albumean. Abenduaren 4an, Durangoko Azoka zabaltzeagaz batera aurkeztu zuten lan hori, Ahotsenean. Dena den, hil honetan hainbat kontzertu eskainiko dituzte.

 

Debagoieneko Danbaka musika lehiaketa irabazita eskuratutako aukera da Karenka, Xarma taldearen bigarren lana. Laukote legez baina bateria-jotzaile berriagaz datoz bueltan. Aurretik, besteak beste, Keike taldean aritutakoa den Denis Alberdi berriztarra sartu da, orain arte taldean jardun duen Froufe berriztarraren ordez.Itsaso Gutierrez eta Jon Kirru Iparragirre ondarrutarrak eta Christian Martin berriztarra dira gainerako taldekideak.
Uztaileko azkeneko asteetan batu zen Denis, baina Froufek grabatu zuen bateria.

 

Grabaketa bi astetan egin zuten, abuztu amaieran, Arrasateko Shot estudioan. Lehenengo diskoagaz alderatuta, honetan taldearen eta kanten nortasuna zehaztuagoa dela azpimarratu dute taldekideek. Danbaka maketa lehiaketa irabazi zutenetik sorturiko dozena bat kanta bildu dituzte disko honetan. Doinu gogorragoak eta azkarragoak osatu dituzte, eta letrei dagokienez gai sozialak eta politikoak uztartzen dituzte. Guztira, ñabardura askoko 12 abesti aurkituko ditugu Karenka lanean, rocka oinarri dutela eta kideen aurreko esperientzien eraginez zipriztinduta.

 

Gainera, aipatzekoa da taldeak aurtengo Ikasle Eguneko kanta egin duela. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak Azokan aterako duen kanta bildumarako Ixiltasun hautsia izeneko kanta ere sortu du. Abenduan sei kontzertu eskainiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!