10 urte bete dituen Euskal Wikipedia bultzatzen

Anboto 2011ko abe. 6a, 08:15
Euskal Wikipediaren hamargarren urteurrenaren harira, edizio maratoi bat proposatuko dute gaurko Gerediaga elkarteak, Ixa Taldeak eta Euskal Wikipediak, Durangoko Azokan, elkarlanean. Maratoia 10:30ean hasiko da

Euskal Wikipediaren hamargarren urteurrenaren harira, edizio maratoi bat proposatuko dute gaurko Gerediaga elkarteak, Ixa Taldeak eta Euskal Wikipediak, Durangoko Azokan, elkarlanean. Maratoia 10:30ean hasiko da.

 

Askok kontsultatzen dugu Wikipedia, baina gutxiago dira aktiboki parte hartzen dutenak, eta hain zuzen horretarako aukera da gaurkoa: edukiak editatzeko pausoa ematea. Edizio maratoian parte hartzea da Azokako bisitariei luzatuko dieten proposamena.

 

Wikipediaren funtzionamenduari buruz informazio orokorra emateko, Euskal Wikipediaren hamar urteotako ibilbideaz informatzeko eta itzulpen automatikoa erabiliz wikipediako artikuluak zelan sortu daitezkeen azaltzeko, hitzaldiak eskainiko dituzte lehengo. Unai  Fernandez de Betoño, Kepa Sarasola, Galder Gonzalez eta Gorka Labaka hizlarien eta Wikipediako kideen laguntzagaz, artikuluak editatu ahal izatea da ondoren proposatuko dutena.

 

Nahi duenak bere ordenagailu eramangarriagaz jardun ahalko du, eta bertan ere ipiniko dituzte ordenagailuak erabilgarri. Wikipediako auzolanean parte aktibo bilakatzeko aukera eskainiko dute.

 

“Garrantzia handiko gauza da denon ekarpenekin Euskal Wikipedia ahal beste zabaltzea”, dio Gorka Julio kideak: “Hor daude emaitzak, eta egia da artikulu asko sortu direla azken urteotan”. Wikipediaren baitan, portzentualki eta beste herrialde batzuekin konparatuz gero, “Euskal Wikipediako jendea oso aktiboa da, eta zoriontzekoa da hori”, dio Juliok. Hala ere, hezkuntza arloko, zein arlo zientiifiko, tekniko eta artistikoko jendearen ekarpen aberatsagoa sustatu gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!