"Animaziozko lana izan arren, sinesgarritasuna lortzen saiatu gara"

Anboto 2011ko abe. 6a, 08:06

Ikusle askoren berbatan, "istorio gogorra, hunkigarria" da Edorta Barruetabeña durangarraren eta Asisko Urmenetaren Gartxot, konkista aitzineko konkista filmak kontatzen duena. Durangoko Azokan aurkeztu dute Elkar argitaletxeagaz kaleratu duten izen bereko liburua. Somuga ekoiztetxeko edorta Barruetabeñagaz egin dugu hitzordua

Zelan sortu da proiektua?

Asisko Urmenetaren komikian oinarrituta, 2008an eman genituen lehenengo pausoak. Film labur bat egitea pentsatu genuen lehenengo. Bidean konturatu ginen filmaren oinarrian dagoen Campionen narrazioa laburra izan arren, gauza askori buruzko pistak ematen zituela.

Film laburra bukatu eta luzeari ekin zenioten, beraz?

Esperimentaziorako aukera izan zen laburra, baina laster konturatu ginen film luze bat edo gehiago egiteko materiala bazegoela. Campionek ez zituen kasualitatez aukeratu 1.110 urtea eta kokapena: Orreaga. Gauza asko, oso inportanteak kontatzen ditu Campionek. Film laburra egiten genbiltzala konturatu ginen gure helburua luzea egitea izan behar zela.

Hasieratik izan da animazio lana?

Bai, izan ere, hau beste era batean egitea oso gaitza da AEBetakoak lako aurrekonturik ez badarabilzu: sinegarritasuna izango duen Erdi Aroari buruzko film bat irudi errealagaz egitea oso zaila da.

Zein da filmeko argumentua?

Bi osagai dauzka filmak: Gartxoten kondaira, eta Campionek hura testuinguru erreal batean kokatuz 1.917an burutu zuen narrazioa. Asmatutako pertsonaia da Gartxot, baina testuingurua erreala da. Gartxoten bidez, gure herriaren, Nafarroaren, konkista kontatzen du Itzaltzuko Bardoa lanean Arturo Campionek: lehenengo gurutzadaren osteko deskulturalizazio saiakera. Eta konkiskataren aurkako ikur bilakatu da horrela Gartxot.

Zelako harrera izan du lanak?

Oso pozik gaude emaitzagaz, nahiz eta ez den pelikula erraza. Helduentzako lana dela azpimarratu gura genuke. Publiko guztientzako kalifikatu dute, baina helduendako filma da: istorio gogorra da.

Soinua, musika eta hizkera bereziki landu dituzue filmean?

Film laburra egiten hasi aurretik, lehenengo egin genuen lana Benito Lertxundirengana joatea izan zen: berak landuta zeukalako gaia, Gartxotek bere ahotsa edukitzea pentsatu genuen. Azkenean berak konbentzitu gintuen Mixel Etxekoparren ahotsa zela aproposagoa. Proiektuan oso inplikatuta egon Lertxundi ere: Itzaltzuko Bardoa diskoko eta diskografiako kantak moldatu ditu filmerako.

Animazioko lana izan arren, paisaia errealekin diharduzue?
Bai. Dokumentazio lan ikaragarria egin dugu: dekorazio lanak egin dituztenak hainbat aldiz ibili dira Orreaga inguruan, eta hizkeraren inguruan ere lagundu digute. Nahiz eta karikaturak izan, ahalegindu gara sinesgarritasuna bilatzen, bai janzkeretan, bai etxeetan, bai merkatuetan agertzen diren objetuetan, etab. Dokumentazio lan horretan jasotako guztia pelikulan sartzerik ez zegoenez, liburua kaleratzea eskaini genion Elkarri.

Zelan egin duzue lan: asko joan zarete Orreagara?

Urtero joaten gara Itzaltzun antolatzen duten Gartxot Ekimenera, eta harreman oso estua daukagu bertakoekin. Euren animoei eskerrak egin dugu prozesuko parte gogorrenetan aurrera.

Zein izan da proiektuaren parterik atseginena?

Harremanekin zerikusia daukan guztia: Benito Lertxundi eta Olatz Zugaztigaz filmak transmititu behar zuenari buruz eta Campionen lanari buruz eduki ditugun eztabaida filosofikoak, itzaltzuarrekin daukagun hartu-emana... 

Zelan ospatu zenduen Platerueneko Gartxot Eguna?

Filmean parte hartu duten lagun kantarien emanaldia izan zen, 13:00etan, eta kontzertu berezia prestatu zuen Kerobia talde nafarrak: filmeko irudiak eta euren musika uztartu ziztuzten, eta Itzaltzuko Bardoa kanta ere eskaini zuten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!