Misterioa eta tragedia, eskultore eta hiltzaile baten azalean

Anboto 2011ko abe. 6a, 08:49

\'Izuen eskultorea\' landu dute Josu Unzueta idazle iurretarrak eta Iraia Okina ilustratzaile durangarrak. Gaur aurkeztuko dute zuzenean euren lana, 12:00etan, Ahotsenean

\'Izuen eskultorea\' landu dute Josu Unzueta idazle iurretarrak eta Iraia Okina ilustratzaile durangarrak. Gaur aurkeztuko dute zuzenean euren lana, 12:00etan, Ahotsenean.

 

Kontaiguzue zelan sortu zen liburua kaleratzeko ideia.

Josu Unzueta: Lehenengo ipuina idatzi nuen, orain dela zortzi bat hilabete. Gero jakin nuen Markina-XemeinenPeru Abarka lehiaketa antolatzen zutela, eta azken momentuan aurkeztu nintzen. Ez nuen irabazi, baina bai finalera ailegatu. Mezulari argitaletxeko Marieli Ituarte da antolatzaileetako bat, eta interesa agertu zuen nire lanarekiko. Ilustratzaile bat aukeratu behar nuen, eta Iraiagaz gogoratu nintzen, Ilanian egindako lana ezagutu nuelako.


Iraia Okina: Testua irakurri nuen eta irudiak sortzen hasi nintzen. Niretzako erronka berria zen; orain arte zerbait poetikoagoa landu izan dut, eta hiltzaile baten istorioa da hau.

 

Zer aurkituko dugu liburuan?\"\"

J.U.: Protagonista nagusiak pertsonalitate bikoitza dauka. Alde batetik, eskultore ezaguna da eta familiagaz bizi da etxean. Bestetik, barruan munstro bat dauka, hiltzailea da. Artea heriotzagaz lotzen du. Tragedia da.


I.O.: Irudiekin beste ikuspegi bat ematen saiatu naiz; Josuk gehien azpimarratzen duena irudikatu beharrean, aportazio bat egiten. Ez da dekorazio soila.

 

Hainbat mundu gure baitan.

J.U.: Barruan dauzkagun kontraesanetan arakatu gura nuen. Alde bat publikoa daukagu, arrakastazkoa, baina gizakia sekulako basakeriak egiteko gauza da. Ipuinean diot denok daukagula kriminal bat barruan, baina kontrolatu egiten dugula; protagonistak ezin du.

 

Zelan garatu duzue lana?

J.U.: Nik testua lehendik idatzita neukan, eta lehiaketarako txukundu eta egokitu besterik ez nuen egin. Lan handiagoa izan da Iraiarena.


I.O.: Nahiko denbora izan dut ilustratzeko. Normalean guri ez digute asti larregi ematen, arineketa batean egiten dugu gure atala. Halakoetan, blokeatu egiten naiz sarritan; egun guztiak ez dira berdinak-eta. Denbora edukiz gero, ez duzu hainbeste behartzen.

 

Ahotsenean aurkeztuko duzue 6an.

J.U.: 12:00etan izango da. Irakurri eta marraztu egingo dugu zuzenean, Andder Erzilla musikariaren laguntzaz. Zozketa bat ere egingo dugu ikusleentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!