Gaur izango da emanaldia, 20:30ean, San Agustinen; txistua, akordeoia eta elektroakustika nahastuko dituzte.
Silboberri txistu elkarteak, argitalpenez gainera, zuzeneko emanaldia ere eskainiko du Durangoko Azokaren baitan. Gaur izango da San Agustin kulturgunean, 20:30ean hasita. Sarrera doan dela, txistuzaleek kontzertu berezia izango dute ikusgai.
Ziriketa II, A través de un sueño, Honai, Bat gehi bat, bi?, Zargan eta Danbor piezak joko dituzte egitarauan, azaldu dutenez. Txistulari lanetan Aitor Amilibiak, Sergio Toricesek eta Iñaki Martinek jardungo dute, soinuan Jose Antonio Hontoriak, eta soinu teknikari legez Josean Rosek eta Mikel Chamizok.
Txistua eta akordeoiaz gainera, danbolina, danborrak eta elektroakustika erabiliko dituzte piezak egituratzeko. Abestiaren arabera, aldi bakoitzeko tresna zehatzak hartuko dituzte.
Kontzertura hurreratzen direnen artean Gabonetako otzara bi zotz egingo dituzte, gainera.