Hamaika proposamenen hari muturrak batzea izango da Ander Lipusen zeregina ipuin kontaketa inprobisatu eta interaktiboan. Gaur jardungo du 11:00etan eta 19:00etan, Azokan.
Oraindik ez da existitzen, inork ez daki zer traza izango duen ere, baina ipuin berri bat jaiotzear dago. Irudimena izango du sorburu, eta erditze prozesuan parte hartzeko prest dauden denak egile; sormen lana inprobisatua izango da, unean bertan egingo dena.
Ander Lipusek gaur, 11:00etan eta 19:00etan, gauzatuko duen ekimen bati buruz gabiltza. Durangoko aktoreak Azokara datozen bisitarien laguntzagaz eta sare sozialen bitarez jarraituko dutenekin ipuin inprobisatua eta interaktiboa sortuko du.
Twiterrean etiketa bat sortu dute horretarako, eta gura duenak etiketa horren bitartez egin diezaioke ipuinari bere ekarpena: #FilmEsaldia.
Hori guztia aurten lehenengoz antolatu duten Kabi@ izeneko gune berrian izango da. Gune horren helburua sareko eta euskarri teknologiko berrietako ekimenak jasotzea da.