\'Galegoz eta euskaraz, Galizia eta Euskal Herriaz...\' berriketaldia hasiko da, gaur, 13:00ean, Durangoko Azokako Aretoan. Dario Xohan Cabana, Pako Aristi eta Xosé Estevez idazleek parte hartuko dute. Azken horrekin berriketaldia izan du Anbotok. Hango eta hemengo literaturari buruzko mahai ingurua gidatuko berak.
Zelakoa da literatura galegoaren egoera?
Oso osasuntsu dago; idazle kantitatea eta kalitatea inoiz baino handiagoa da. Idazleen elkartean 500 idazle baino gehiago daude, eta elkartetik kanpokoak ere hor daude. Galegoaren erabilera, baina, behera doa. 1980ko hamarkadan biztanleen % 82k berba egiten bazuen, orain % 40 inguruk egiten du. Hirietan galdu da gehienbat. Diglosi egoera argi batean gaude; administrazioan, komunikabideetan, elizan... ez da galegoa erabiltzen. Ez dago galego hutsezko egunkaririk. Galicia Hoxe zegoen lehenago, baina zarratu egin dute.
Administrazioaren papera aipatu duzu.
Gaur egungo Xuntak politika linguizida darama; galegozko komunikabideei eta hizkuntza normalizaziorako elkarteei dirulaguntzak kendu dizkie. Normalizazio politikek ez dute funtzionatu. Bipartitoak hezkuntzan elebitasun formula ipini gura izan zuen, baina elkarte batzuk oso kontra agertu ziren. Gaztelera alboratu gura zela esaten zuten, eta galegoaren kontrako giroa sortu zen. Hori oso ondo etorri zaio oraingo Xuntari; dekretuen bitartez galegoaren kontrako politikak egin dituzte.
Argi izpirik ikusten duzu?
Egoera aldatzeko gobernua aldatu beharko litzateke, eta gaitz ikusten dut hori. Hezkuntzan eta osasungintzan murrizketa handiak egin ditu Xuntak, eta protesta ugari egon dira, baina hala eta guztiz ere PPren aldeko boto kopurua hazi egin da. Epe motzean ez dut konponbiderik ikusten, borondate politiko kontua delako hau.
Kultura arloko mugimenduak zeresana edukiko du.
Kultura eta hezkuntza arloko mugimenduak ez du jende asko batzen; elitista da. Banaketa sozial argia dago hizkuntzari dagokionez: prestigioa duen eliteak gazteleraz egiten du; galegoz, arlo baxuenak eta kultura arloko eliteak. Kontzientziazio handia eduki ezean, jendeak ez dauka galegoz berba egiteko premiarik eta hizkuntzarekiko sentimendu hori. Deigarria da kalean heldu bi galegoz berba egiten ikustea, eta ume bat gerturatzean hari gazteleraz egitea. Katalunian eta Euskal Herrian dagoen zerbait falta da; nazio harrotasuna falta da.
Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko idazleak Galeusca federazioan batzendira. Zelan baloratzen duzu elkarlan hori?
Topaketa interesgarriak izaten dira elkar ezagutzeko. Batez ere, idazle galegoek eta euskaldunek antzeko ardurak dauzkagu; kultur ekoizpenak bultzatzea eta kontzientziazioa. Kataluniarrek, egoera normalizatuagoa daukatelako agian, ekonomia arloko kontu batzuetan sakontzen dute gehiago.
Bata bestearengandik zer ikasi dezakegu?
Galiziak euskararen errekuperazio arloan egin den lanetik ikasi beharra daukala uste dut. Gertatzen dena da ez dagoela botere ekonomikorik, Xuntak ez daukalako borondate politikorik. Galiziak Euskal Herriari, aldiz, ekarpen garrantzitsua eman diezaioke haur eta gazte literaturaran. Dagoeneko liburu ugari itzuli dira galegotik euskarara; arlo horretako galiziar produkzioa oso interesgarria da.