Durangaldeko uzta zabala izan da aurten ere. Eskualdeko idazle eta musikariek ere hartuta dute euren lekua Durangoko Azokaren erakuslehioan.
\'Euskadi bihotzean: Oroitzapenak\' (Jose Antonio Ardanza /Txertoa-Abarka argitaletxea):
«Ez dugu nahi zatituta, amorratuta eta aurrez aurre biziko den gizarterik. Ez dugu nahi irabazlerik, ez eta galtzailerik ere. Bakea nahi dugu, gizarte ireki eta bateratua, norberak bere hitza indarrean ipini dezan, bere arrazoia eta bere proiektua», dio liburu honetan Jose Antonio Ardanzak, 1985etik 1999ra bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoa gobernatu zuen lehendakariak. Euskal abertzaletasunaren sustraiak, Gerra Zibilaren hondarrak eta frankismoaren zapalketa, ETAren indarkeria, Estatuko botereen indarkeria, GALen agerraldia eta haren ondorio lazgarriak, demokraziaren berreskurapena eta euskal autogobernuaren eraikuntza ageri dira lan honetan. “Bihotzetik” sortutako kontakizuna da, elorriarrak dioenez.
Sasoi luze baten argazkia taxutzen du Ardanzak: Elorrion eta Ondarroan bizitako haurtzaroa, seminarioa, klandestinitate garaiko lehen jardun politikoa, EAJ-PNVrekiko konpromisoa, Arrasateko alkatetza, Gipuzkoako diputatu nagusi bezala betetako eginkizunak eta, azkenik, Jaurlaritzaren buru egindako aldia.
\'Euskal Harriak\' (Joseba Azkarraga / Alberdania argitaletxea):
Joseba Azkarraga abadiñarra soziologian doktore da, eta saiakeran murgildu izan da behin baino gehiagotan; Juan Zelaia eta Mikel Zarate sariak, besteak beste, eman dizkiote bere lanengatik. Euskal Harriagaz dator orain, Gabriel Arestiren esanak izenbururako inspirazio legez hartuta.
Zibilizazio krisia ei da gurea, eremu ugari baitaude “arnasestuka”: ekonomia, energia, klima, ekosistemak, gizartea, elikagaiak, kultura, hizkuntzak eta alderdi psikiko-espirituala ere bai.
Liburua kokatzeko hasi garela aldi historiko berrian sartzen dio: “Zibilizazio moderno-industrialaren beheraldian. Hazkunde-osteko garaian, alegia”. Zalantza ei da beheraldi hori nola antolatuko den, izango ote den bide ordenatua, emankorra eta oparoa; edo desordenatua, kaotikoa eta hondagarria. “Euskal Herrian ez dugu ireki espazio mental gehiegirik XXI. mendeko debaterik inportanteenerako, horren baitan egongo bada ere gure etorkizuna. Auzi hori ekarri behar genuke ezbai publikoaren arteria zentralera”, azpimarratzen du.
\'Scanner\' (Leire Bilbao / Susa argitaletxea):
Bere bigarren poema liburua argitaratu du Durangon bizi den Leire Bilbao jaiotzez ondarrutarrak. 2006an Ezkatak kaleratu eta gero, Scanner liburuaren baitan eskaintzen dizkigu olerkiak.
Lantokietako inprimagailuen mahaikide, ospitaleetako medikuen laguntzaile edo hegazkinean igo aurretik saihestu ezinezko hesi. Eskanerrak dira, eguneroko bizitzan aurki daitezkeen makinak. Haien presentziaz ohartu zen Bilbao idazten ari zela. «Konturatu nintzen eskanerra eguneroko bizitzako elementu bat gehiago bihurtu zela, eta egunero topo egin dezakegula eskaner batekin». Hori horrela, eguneroko bizitzako elementuak bere eskaner propiotik pasatu ditu, itxuraz ezkutuan dagoena begi bistan jartzeko. Hala osatu du Scanner, Susa argitaletxeak kaleratu duena.
Makina batzuek irudi eta testuak hartu eta gorde egiten dituztela eta beste batzuek barrura begiratzen dutela kontuan hartuta, “idazleok ez al dugu gauza bera egiten idazterakoan?” galdetzen du.
\'Oihana hirian\' (Leire Bilbao/ Elkar argitaletxea):
Poesiaz gainera, haur literaturaren esparruan ere sortzen duen idazlea da Leire Bilbao. Estilo honetako bederatzigarren liburua du Oihana hirian, Elkar argitaletxearen bidez umeengana ailegatzen saiatuko dena.
Oihanak, pertsonaia nagusiak, hirian biziko duen istorio bat dakarkigu Bilbaok. Tituluagaz berba-jokoa eginda, herri txiki batean bizi den neskak hiri handian aurkituko dituen sorpresak kontatuko ditu. Hirian ez dago ia zelairik, eta bai ostera espaloiak; jendea, berriz, euli-taldeen moduan dabil hara eta hona.
Semaforoa zelan gurutzatu behar duen ondo erakutsi diote gurasoek, eta argi berdea piztean zebra-bidea igarotzen hasten da. Halako batean, ahots ezezagun bat entzuten du: “Ez al dakizu zebra-bidea gurutzatzen?”, diotso. Zebra bera da berba egiten diona, bere buztana zapaltzen dabil-eta. Hortik aurrera, hirian oihana ikusten hasiko da; elementuen eta pertsonen ordez animaliak ikusiko ditu liburuko pertsonaia txikiak. Pertsonen “animalikeria” desbrikatuko digu.
\'Tontorretik begira\' (Juanito Gallastegi / Labayru ikastegia argitaletxea):
Abadetzan 50 urte bete zituen Juanito Gallastegi durangarrak 2008an. Ibilbide horren ostean, Tontorretik begira izeneko liburua kaleratu du. Ez da biografia bat, hori argi utzi gura izan du; bere hainbat bizipen eta hausnarketaren bat batu ditu liburuan.
“Abade egin nintzela urre ezteguak izan ziren orain dela hiru urte, eta hori zela-eta baten batek esan zidan Anboton-eta bestelako lekuetan idatzitakoak batu eta liburutxoren bat egin ahalko zela. Ander Manterola Labayruko buruagaz egon nintzen, eta ondo iruditu zitzaion”. Sarrerak ere egitea eskatu zioten Gallastegiri, bere oroitzapenekin. Beraz, bi zati eduki behar zituen liburuak: artikuluak eta oroitzapenak. Horixe izan zen liburuaren sortze-prozesua. Azkenean, krisiagatik hiru urtez geldirik egon ondoren, oroitzapenekin soilik argitaratu dute liburua.
Gerra sasoia, bere euskaltzaletasunaren sorrera, abadetzako egonaldiak Iurretan, Elorrion, Markinan... Oromiñon bizitakoak, esate baterako, pasarte zoriontsuak ei dira, Gallastegik berak kontatzen duenez.
\'Heldu den matxinada\' (Oier Gonzalez eta Zigor Garro / Txalaparta argitaletxea):
Oier Gonzalez durangarraren lehenengo lana ere izango da salgai Durangoko Azokan. Zigor Garro espetxekideagaz –Gonzalez libre dago gaur egun– ondu du Heldu den matxinada liburua. Ez dakigu nork idatzia den, ‘Batzorde Ikusezina’ izenez sinatua dagoelako. Itzultzaile lana egin dute Gonzalezek eta Garrok.
2008an frantziar poliziak komuna autogestionatu bat erasotu zuen Tarnac izeneko herrixkan, eta zortzi gazte atxilotu zituzten. Hainbat sabotaje ekintza leporatu eta ezelako frogarik barik kartzelatu ei zituzten. Horietako bati, Julien Goupati, liburu hau idaztea leporatu zioten poliziek.
Hala hurbildu zen Gonzalez lan honetara, "kuriosoa" iruditu zitzaiolako "intelektualen herrialdean liburu bat idazteagatik inor terrorismo aferekin nahastea". Atxiloketok zirela-eta, hainbat intelektual altxatu ziren horren kontra, eta polemikak obra gehiago zabaltzea ekarri zuen.
Itzultzaileek elkarlanean lortu zuten kartzelako isolamendua haustea, eta bi pertsona inkomunikaturen arteko komunikazio zubi bilakatu zen liburua.
\'Iurreta eleizateko 1911.eko banderaren mendeurrena\' (Jon Irazabal / Gerediaga argitaletxea):
Gordetzen den Iurretako bandera zaharrenak 100 urte bete ditu aurten, eta hamaika ekitaldi eratu dituzte urte osoan zehar banderari gorazarre egiteko. Bide batez, historia errepasatzeko aprobetxatu dute mendeurren berezi hori, eta hor kokatzen da Gerediagak Jon Irazabalen eskutik publikatutako liburua.
Ekitaldi-sorta antolatzeko Herri-batzordea osatu zuten urte hasieran, eta herrian zabaltzeko ahaleginetan ibili dira egunez egun, bandera dantzariena soilik beharrean, herri osoarena dela iritzita. Urte askoan dantza taldeak erabili izan du, batez ere, eta gaur egun dantzariez gainera udalak ere erabiltzen du.
1911ko irailaren 27an du jatorria omendutako banderak. Data ikusirik, dantzariek herriko San Migel jaietan erabiltzeko ekarriko zutela uste izan da. Hala ere, bandera baten gainean jasotako lehenengo datua 1888an kokatuts dago. Antza denez, bandera oso garrantzitsua zen herrian, eta ez zen edozein unetan erakusten, soilik herriko egun sozial handietan ipintzen ei zuten ikusgai.
\'Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean\' ( Peru Madalena / Elkar argitaletxea):
Irakurle berrientzat sailkatu dute Peru Magdalena durangarreran azken lana: Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean. Iosu Mitxelenaren ilustrazioekin jantzita dator, gainera. Magdalenak ilustratzaileaz dioenez, “perspektibagaz asko jokatzen du: umeen ikuspuntutik, handiagoak dirudite espazioek, denbora luzatu egiten da... Bere irakurketagaz asko eman dio istorioari: kolore ilunagaz hasten da, eta aurrera egin ahala argitzen doa marrazkien kolorea...”. Umeei zuzenduriko istorio honetan, haurtzaroko beldur eta amesgaiztoak azaleratuko dizkigu.
Umearoa oso sasoi bizia dela uste du Magdalenak. “Momentu pozgarriak zein ilunak oso indartsuak dira umetan. Segurtasun ezaz eta beldurrez, gauzak deskafeinatu barik gura izan dut jardun. Umearotik bizirik atera eta honaino ailegatu gara; ez da hain txarra”, bere ustez.
Honen aurretik Ilania sortu zuen Peru Magdalenak, Iraia Okina ilustratzaile iurretarragaz batera. Poesian ere ibilitakoa da artista durangarra.
\'Kartzelako poemak\' (Joseba Sarrionandia / Susa argitaletxea):
Bost urteko espetxealdian (1980-1985) idatzitako poemez eta presondegitik ihes egin osteko pieza batzuez azaldu zuen gatibu esperientzia Joseba Sarrionandiak, 1992an argitaratutako Kartzelako poemak liburuan. Orain edizio berrituan plazaratu du Susak, testua gaurko grafiara aldaturik –titulua ere Gartzelako poemak zen lehen– eta sei poema gehiagogaz. Poema liburuak bi atal nagusi ditu: batetik, luzeena, «Kartzelako poemak 1980-1985» da; espetxean igarotako garaian idatzitako poemak biltzen dituena. Eta, bestetik, laburragoa den «Post-scriptum» atala, Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu ondoren idatzitako poemak, bizi izan zuen esperientziaren ondokoak. Azkeneko poema 1991koa da.
Grafia gaurkotuaz eta poema berriez gainera, baditu beste berrikuntza batzuk ere iurretarraren liburuak: Lander Garroren azala eta Jose Luis Otamendiren hitzaurrea.
Urteak pasatu ahala, bestalde, liburu honetako bederatzi poema musikatuak izan dira.
\'Narrazio guztiak\' (Joseba Sarrionandia / Elkar argitaletxea):
Elkar argitaletxeak Narrazio guztiak ipiniko du salgai Durangoko Azokan. Joseba Sarrionandia iurretarraren 1980ko hamarkadako hiru ipuin liburuetako narrazioak biltzen ditu, goitik behera berrikusi eta zuzenduta, azaldu dutenez.
Narrazioak (1983), Atabala eta euria (1986) eta Ifar aldeko orduak (1990) dira oinarri legez hartutako hiru liburu horiek. Horretaz gainera, ordea, orain arte inoiz argitaratu bako ipuinak ere bildu dituzte liburu honetan, gazterik idatzitakoak, poliziak atxilotua izan aurretik.
Narratiban Espainiako Kritika Saria eskuratu zuen Atabala eta euriagaz, 1986an. Bestalde, iurretarraren liburu hauek nazioartean ere topatu zuten merkatua; Narrazioak katalanez eta italieraz argitaratu zuten, esate baterako.
Narraziogintzaren atalean beste lau lan ere baditu Sarrionandiak gerora idatziak: Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk (1995), Lagun Izoztua (2001), Kolosala izango da (2003) eta Gau ilunekoak (2008).
\'Txisturako musika bilduma 3. alea\' (Rodrigo A. de Santiago / Silboberri argitaratua):
Bilduma honetank jasotako material musikala bere sasoian Rodrigo A. de Santiagok txistua jotzeko metodo baten harira sortutako lana da. Musikariaren gaixotasunak eta ondoriozko heriotzak egitasmoa bertan behera utzi zuten. Silboberri elkarte durangarrak hartu du orain lan hori argitaratzeko ardura.
Aitor Amilibia irakasleak gainbegiratu ditu idatziak, sailkatu, egokitu, osatu eta argitaratu ahal izateko gertu izateko. Silboberri elkarteak gogoz ekin dio bilduma horiek kaleratzeko prozesuari, dagoeneko hirugarren alea publikatuz. Gogoz, Rodrigo A. de Santiagoren lanak “balio handia” duelako; bere bizitzako ordu asko beharrean eman zituen autoreagaz zorretan sentitu izanak ere eduki du eragina elkartearen iniziatiban.
Elkartekoek azaltzen dutenez, batuta duten material guztia argitaratu arte proiektu honetan aurrera egitea da euren borondatea. Autorearen semeak, Rodrigo de Santiago Zarcok, laguntza eman die Silboberrikoei materiala eskuratzeko orduan.
\'Zaharrak ez zuen hil nahi\' (Gaizka Zabarte / Susa argitaletxea):
Gaizka Zabarte zaldibartarraren lehen argitalpena da Zaharrak ez zuen hil nahi nobela. Zabartek idatziriko 154 orrialdeetan misterioa da nagusi; heriotzazko eta maitasunezko misterioa, beti ere, umorez bustia.
Izan ere, gertaera bitxi batek piztuko du familia-sekretu baten inguruko ikerketa. Zapatu goiz batean, istorioaren narratzaileak ehorzlearen deia jasoko du, esanez beragaz berba egin behar duela. Kanposantura iritsitakoan, ehorzleak hildako aitarekin loturikoak kontatuko dizkio protagonistari. Protagonista zur eta lur geldituko da, izan ere, ez du bere aita (Cosme Gezeta) ezagutu. Umetan galdu zuen, eta aitaz ezer gutxi daki.
Ehorzleak kontaturikoak misterioz beteriko inbestigazioa abiatuko du. Senitartekoengana jo beharko du narratzaileak, eta aitak jokoan egiten zuen tabernara joan. Gaitza egingo zaio, baina, argi izpirik ikustea. Azkenik, kontakizuna irauli egingo da, baina amaierara arte irakurleak une entretenigarriak bezain dotoreak igaroko ditu, sekretuz jositako istorioan.