"Urnietan egin genituen lehenengo grabaketak, Bartzelonako ekipoagaz"

Anboto 2011ko abe. 4a, 18:08

Euskal kulturgintzaren arlo askotan lan egindakoa da Iñaki Beobide. Besteak beste, Herri Gogoa diskoetxearen sortzailea da, eta euskararen alde egindako lanarengatik 2011 Durangoko Argizaiola omen-saria emango diote gaur, 20:30ean, San Agustin kulturgunean

Euskal kulturgintzaren arlo askotan lan egindakoa da Iñaki Beobide. Besteak beste, Herri Gogoa diskoetxearen sortzailea da, eta euskararen alde egindako lanarengatik 2011 Durangoko Argizaiola omen-saria emango diote gaur, 20:30ean, San Agustin kulturgunean.

 

Zer premia zeuden sasoi hartan euskal kulturgintzan?

1950eko hamarkadan antzerki munduan eman nituen lehenengo pausoak. Beharra, duda gabe, euskara zen. Ni Zumaiarra naiz, eta niretzako euskara eguneroko momentu guztietako hizkuntza zen. Donostiara etorri nintzen, eta oso gutxi egiten zen euskaraz kalean. Inguruko herrietako lagunekin batu eta antzerki irakurria eskaintzen hasi ginen. Euskaltzaindiaren Gipuzkoarako antzerki lehiaketa batera, Jarrai izenagaz, antzerki lan bategaz aurkeztu ginen, eta zazpi edo zortzi urte iraun zuen.

 

\"\"

 

Saizarbitoriagaz ‘Zeruko Argia’-n jardun zenuen.

Ordurako espetxetik atera nintzen, eta ezkutuan agerian baino gehiago egin behar nuen lana. Joseba Agirre izenagaz sinatzen nuen. Antzerkiari buruz idazten nuen. Munduko ikuspegia Rikardo Arregik ematen zuen, beraz politika gaietan bera ibiltzen zen. Eguneroko egoeraz Ramon Saizarbitoria zebilen, eta kantu munduan Arantxa Gurmendi. Beti Jarrairen izenean ibiltzen ginen garai horietan.

 

Herri Gogoa diskoetxea er sortu zenuen...

Edozein lekutan kantu jaialdi bat antolatzen zenean, jendez gainezka egoten zen. Euskaraz egiten zelako, eta abestiek esaten zutenagatik izugarrizko burrunba aireratzen zelako. Martxan zeudenak, gero Ez Dok Amairu izango ziren kantariak ziren. 1961ean bizi genuenok, ondo gogoan daukagu diskogintzatik begiratuta ere beste aldeko Goiztiri diskoetxea, Abeberry anaiak eta Ximun Aran tartean zirela. Jakina, beste aldean agertu behar ziren, eta beste aldeko zentsura adierazten zuten. Cinsa, berriz, Xabier Gereñok sortu zuen.

 

Diskogintza arloan zelako garapen gertatu da?

Orduan diskoak egitea oso gaitza zen. Diskoak grabatzeko Madrilera edo Bartzelonara joan behar zen, eta hango musikariak kontratatu. Giro falta somatzen zen, musikariak ez zirelako euskaldunak. Estudioetako musikariak ziren. Herri Gogoa sortzeko arrazoia horixe izan zen. Ez Dok Amairuko askogazn lagunak ginen. 1966an, taldea sortu zenean, pausoak ematen hasi ginen diskoak Donostian grabatzeko.  1967an lehenengo grabaketak egin genituen, Urnietan, Bartzelonako ekipo batzuk eta teknikoak hona ekarrita. Hantxe grabatu ziren Xabier Lete, Juliantxo Lekuona, Benito, Lurdes, Oskarbi, Irigarai anaiak e.a. Grabaketa tirada bat egin genuen. Ez ziguten baimenik eman disko horiek guztiak argitaratzeko; Edigsa izenagaz sinatzen genuen HG kolekzio moduan.

 

Gipuzkoako Diputazioko Dantza, Antzerki eta Ahozko Literaturako arduradun izendatu zintuzten gero.

Kultur Sail bat bezala zuen diru-laguntzak-eta zuzentzeko, eta hor ere sartu nintzen aurrera begira zerbait egiteko. Batik bat dantzari taldeetan erraztasun handiagoa nuen gauzak egiteko. Euskal Dantzarien Biltzarra zegoen Bilbon. Haurrentzako sariketak eta jaialdiak antolatu genituen. Puntu berezi bat egon zen kultur talde honetatik Euskal Telebistaren beharra ikusten genuelako, euskal emisioaren beharra ikusten genuen.

 

Zer pauso eman zenuten ETBren sorreran?

Diputazioak kultur talde horri eskatu zion mugitzeko, ea zer egin zitekeen arlo horretan. Bost lagun joan ginen Italiara hango herriko telebistak ikustera, hemen zerbait egiteko. Gero Eusko Jaurlaritza sortu zen, eta Ramon Labayen zegoela pausoak ematen hasiak ziren, Carlos Garaikoetxea lehendakari zela. Euskara zabaltzeko sortu zuten ETB. Gerora, beste kanalak sortu zituzten, erdarazkoak.

 

 

 Argizaiola 2011

 

Pozik zaude sariagaz?

Ezin dut ukatu baietz. Barrenean ibiltzea gehiago gustatzen zait kanpoan baino. Nigana etorri zen Gerediagako Jon Irazabal, eta orduan pentsatu nuen: “Ez da niretzat hori”. Jende asko bada hor; Xabier Gereño, esaterako: euskal diskogintzan pauso garrantzizkoak egin zituen. Baionako diskogintzan bere pausoak jarraitu zituzten, eta gero etorri ginen gu. Xabierren omenaldia falta zela sumatzen nuen. Hala ere, Gerediagari ezin diot uko egin, eta saria onartu dut.

 

Azoka hasieratik ezagutzen duzu?
Lehenengoan ez, baina bigarrenean egon nintzen. Han ginen eliza inguruan hotza pasatzen.

 

Gaur egun zer sentitzen duzu Azokara zatozenean?

Ikastolekin gertatzen zaidan gauza bera gertatzen zait Azokagaz.  Ikastolak martxan jartzen ezagutu ditut, eta hor dabiltzan gazteekin, horrek ez du ereremediorik, horrek betirako dute euskara. Nire euskara kalean eta etxean ikasitakoa da, baina euskara ikasteko ez nuen ezelako biderik izan. Izugarrizko pausoak emanak dira, Euskal Liburu eta Diska Azokan ere bai.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!