Azokaren inaugurazio ekitaldian eta amaierako jaian leku berezia edukiko dute Galiziatik etorritako kultura sortzaileek.
Galiziako kultura ezagutzeko eta hausnarketak konpartitzeko hainbat aukera egongo da Durangoko Azokan. Galegoz sortzen den kultura hurretik ikusi ahalko da, esaterako, abenduaren 8an egingo duten ikus-entzunezkoen emanaldian. Galiziako kulturgintza ezagutzeaz gainera, euskal sortzaileekin elkarlanean egindako hainbat proiekturen berri edukiko dugu, besteak beste, Galeusca idazleen federazioa edo musika arloan sortutako Acrobatak proiektua.
Egitaraua
- Abenduak4,
- 12:00etan, Galizia denok gara inaugurazio ekitaldia Aretoan Euskal Herriko eta Galiziako erakundeetako ordezkariekin. Ekitaldiaren amaieran Anton Reixa sortzaileak hitz egingo du.
- 18:30ean, Euskaraz eta galegoz olerki emanaldia Aretoan. Harkaitz Canok, Leire Bilbaok eta Urtzi Urrutxikoetxeak galegora itzulitako euren olerkien errezitaldia eskainiko dute bi hizkuntzatan.
- Abenduak 5,
- 13:00ean, Galegoz eta euskaraz, Galizia eta Euskal Herriaz? berriketaldia Aretoan. Dario Xohan Cabana idazle galegoak eta Pako Aristi euskaldunak hizkuntza bietan literaturak bizi duen egoeraz berba egingo dute. Euskal Herrian bizi den Xosé Estevez idazle galiziarra izango dute zirikatzaile.
- Abenduak 7,
- 12:30ean, Idazleak Galeuscan: iragan eta etorkizuna berriketaldia Aretoan. Asociación Escritores en Lingua Galegako Xosé Estevezen Euskal idazleen Elkarteko Fito Rodriguezen solasaldia.
- 18:30ean, Hizkuntza gutxituak antzerkigintza mahai-ingurua San Agustin kulturgunean. Artur Trillo Talía Teatro taldeko kideak euskal antzrekigile batekin batera galegozko eta euskarazko antzerkigintzari buruz berba egingo dute.
- Abenduak 8,
- Ikus-entzunezkoak, Irudienean:
- 11:00etan, musiklip galegoak
- 12:00etan eta 18:30ean, film laburrak: Gato encerrado, Radiografia dun autor de tebeos, Instalacion, Esteroscopia eta Birdboy.
- 13:30ean, Digna rabia dokumentala
- 16:00etan, Soinuaren garrantzia aurkezpena, Aretoan. Vigoko Sinsalaudio kolektiboak abian duen eskolak gizartearen memoria akustikoa berreskuratzeko lanean dabil.
- 20:00etan, Akrobatak, amaiera jaia Plateruenan. Ugia Pedreira, Fred Martins eta Mikel Urdangarinek Galiziako eta Euskal Herriko herri musikagaz sortutako mestizaia batu dute Akrobatak proiektuan.